Aroztegi proiektua gelditu eta Baztanen galdeketa egin dezatela nahi dute

Euskalerria Irratia 2016ko ots. 22a, 13:06
Aroztegi proiektuaren aurkako protesta ugari eginak dituzte. Arg: erran.eus

'Aroztegia... eta gero zer?' plataformako kideek babesa jaso dute arlo sozialean, hezkuntzan, kulturan eta euskalgintzan dabilen jendearena. Baztanen proiektuaz galde dezatela eskatu dute.

Lekarozen 228 etxebizitza, lau izarreko hotela eta golf zelaia eraikitzeko proiektuak abian segitzen du. 'Aroztegia... eta gero zer?' plataformako kideek babesa jaso dute arlo sozialean, hezkuntzan, kulturan eta euskalgintzan dabilen jendearena. Udalaz gaindiko plana bertan behera utzi eta Baztanen proiektuaren inguruko galdeketa egiteko eskaera egin dute.

Manifestua Miguel Sanchez-Ostizek idatzi du eta gaurko agerraldian eta sinatzaileen artean: Jon Alonso, Montxo Armendariz, Miren Egaña, Irati Jimenez, Paula Casares, Aitor Merino, Xabier Morras, Julio Soto eta Patxi Zamora daude. Makro proiektu horren onuradun bakarra, espekulazioa erabiltzen duen higiezinen enpresa dela ere uste dute. Eremu natural zabalean esku hartzeak kalteak baino ez ditu eraginen Baztanen.

Posible ikusten dute egitasmoa geldiaraztea. Gogoan izan behar da, Lekarozen, 2009an egin zutela galdeketa, eta herritarren gehiengoak esan ziola ezetz Aroztegiko egitasmoari. Baztango gainerako herritarrek ere hartu beharko lukete hitza, plataformako kideen ustez.

 

Manifestua

AROZTEGIA... ETA GERO, ZER?

Aroztegia, izarrak, zuloak eta haiekin bat egiten duten etxebizitzak. Etxebizitza aunitz, gehiegi agian, luxu eta handikeriez eskarmentua hartua duen aro baterako. Handikeria horiek luze eta zabal ordaindu baitituzte ez haietaz gozatzen dutenek, eta etorkizunean ere egiten ahalko dutenek, modu batean edo bertzean haiek pairatzen dituztenek baizik. Aroztegia norendako? Zenbat ordaindu behar da proiektuko enpresa inbertitzaile edo gauzatzaileek berezko negozioa egin dezaten birkalifikazio maltzurra jasan duen landa zoru baten bizkar?

Auzokoen oposizio urte aunitzen ondoren, haietan mugaketa eta itxituren inguruko gatazkak, bai eta hirigintzari buruzkoak ere ugari izan direlarik, Aroztegiako jaurerriari buruzko Lekarozko UGPSa  onetsi dute azkenean, eta UPNk utzitako herentzia pozoitua dugu hirigintza plan hori, hau da, erregimen zaharreko proiekzio politiko serioa gaurko koalizio demokratiko eta progresistaren gobernuan. Hortaz, ez gara afera juridiko edo negozio partikularrez bakarrik ari. Horretaz gain, afera politiko eta sozialez ari gara, Baztango auzoen komunitate bati, Lekarozkoari, alegia, eta, oro har, haran guztiari, aurretik sumatu daitekeen modu larrian eragiten diotena bere egunerokotasunean eta natur ingurunean.  

Nafarroan jauntxokeria eta herri lanetako edo lan sasi-publikoetako negozio publiko, ilun eta neurrigabeko hamarkaden ondoren, deigarri suertatzen da aldaketa sozial eta politikoaren aitzindari izateko lorturiko gobernu batek, gaur horren beharrezkoa denak, Aroztegiako UGPSaren inposizioa modu akritikoan bere gain hartu izana, inposizio politiko garbia, hauteskundeen bezperan fede on juridiko diskutigarriarekin onetsia izan baitzen. Hauteskunde horietan aldaketa soziala etor zitekeela sumatzen zen eta, hortaz, aisialdi eta goi mailako etxebizitzetako makro proiektu horren sustatzaileen babesleak bazterrean gelditzen ahal ziren. Ez dezagun ahantz haranean eraikitako etxe berri gehienak, merkeak ez direnak, saldu gabe daudela (Elbete, Irurita…)

Auzokoen oposizioa izan ala ez, UGPSa baliabide juridikoa da eta, eskuinaren eskuetan utzita, auzokoen borondatea ordezteko eta aintzat ez hartzeko balio izaten du. Onuraduna ez da harana izanen, ezta auzokoak ere, nahiz eta haiei etekin ekonomiko eztabaidagarriak edo etorkizun garbirik gabeko onurak eskaintzen zaizkien. Onuradunak eraikuntza sektoreko enpresak dira, jasaten dugun krisitik onuradun edo minik gabe atera direnak. Hastapenetik eskala handiko higiezinen espekulazio negozioa egiten dute eta, negozioa alde batera utzita, horren bigarren mailako etekinak zalantzazkoak izaten dira, betiere sorrarazten dituzten kalteak baino txikiagoak. “Aldaketaren” politika bitxia dugu hau.

Orain bertan afera da zuzen-zuzenean eragina sufrituko dutenen borondatea behin betiko ez ordezkatzea (Lekarozko herria eta haran osoa), plataformaren bitartez bere oposizio ahotsa entzunarazi baitute. Eta desiragarria litzateke Geroa Bai buru duen Nafarroako gaurko gobernuaren aldaketarako borondatea ikustea kasu honetan, Aroztegiako jauregiaren makro proiektuak eremu natural zabaleko esku-hartze izugarria baita eta eragin atzeraezina izanen baitu.

Gatazka sozial irekiaren, publizitate engainagarriaren eta proiektuaren esanahi sozial dudazkoaren aurrean, komenigarritzat jotzen dugu, eta horrela eskatzen, UGPSa geldiarazi eta Baztan haranean herri galdeketa loteslerako deialdia egitea.

Manifestu honen sinatzaileak:

Sagrario Aleman                                Mikel Landa

Jon Alonso                                         Juan Carlos Longas

Alex Arizkun                                      Fernando Mendiola

Montxo Armendariz                            Aitor Merino

Mikel Baztan                                      Amaia Merino

Xanti Begiristain                                 Xabier Morras

Gotzon Bergerandi                              Xabi Otero

Joseba Burusko                                  Javiertxo Oyarzun

Gentz Del Valle Lersundi                      Jose Mari Pastor “Artzai”

Iñaki Egaña                                       Xabier Peñalver

Juantxo Egaña                                   Patziku Perurena

Miren Egaña                                      Xabier Sagardia

Edurne Elizondo                                 Miguel Sanchez-Ostiz

Jose Mari Esparza                               Jose Antonio Sistiaga

Graxi Etchebehere                              Julio Soto

Xabi Garzia                                        Xabier Soubelet

Benito Goñi                                               Juan Mari Txoperena

Julia Itoiz                                          Asisko Urmeneta

Koldobika Jauregi                               Begoña Zabala

Fito Jimenez                                      Martin Zabaleta

Irati Jimenez                                     Patxi Zamora

Luisillo Kalandraka                              Gurutze Ziga

Paula Kasares

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!