Kultura herrikoia eta parte hartzea sustatuko ditu Gobernuak

Euskalerria Irratia 2016ko otsailaren 19a

Ana Herrera eta Fernando Perez 2016ko Kultura saileko aurrekontuak aurkezten.

25.370.612 euroko aurrekontua izanen du Kultura departamentuak. Deszentralizazioa, parte hartzea eta komunikazioa izanen ditu ardatz.

Parte hartzea sustatuko du Kultura Departamentuak, diru-laguntzak banatzeko diru-sail handiagoa izanen du eta bertako taldeak, konpainiak eta artistak oro har sustatuko ditu. Hori izanen da Ana Herrera kontseilariaren departamentuak berrikuntza gisara eskainiko duena 2016an. 25.370.612 euroko aurrekontua izanen du Gobernuak Kulturarako. Bost lan ildo nagusi izanen dira aurten:

  1. Liburutegi zerbitzua kohesionatu eta baliabidez hornitu.
  2. Kultur Ekintza, ohiko programazioarekin: Erriberriko Antzerki Klasikoa; Lizarrako Antzinako Musikaren astea edo Ikuspuntu Festibala. Programazio berria ere bai: dantza garaikideko jaialdia udazkenean eginen dena eta herri txikietan kultura sustatzeko programazioa: antzerkia, dantza eta musika ikuskizunekin. Kultur izeneko programa. Udan musika, arte eszenikoak, dantzak eta arte plastikoak eskainiko dira ostegunetik larunbatera.
  3. Museoetan elkarlana sustatuko da Nafarroako museo nagusietan. Hiru hizkuntzatan jarriko dituzte seinaleak eta informazio panelak. Hezkuntza departamentuarekin lan eginen da.
  4. Nafarroako Artxiboa eta Ondare dokumentala. Plan desberdinak eginen dituzte dokumentuak berreskuratu eta herritarrekin konpartitzeko.
  5. Ondare historikoa. Zaharberritze lanak eginen dira eta besteak beste: Erriberriko gazteluan, Leire monasterioan, Irantzun, eta zenbait herritako bestelako ondareetan ere. Ondareari buruzko jardunaldian antolatuko dira irailean.

Diru-laguntzen arloan ere, hazi eginen da diru-partida eta deialdiak gehiago izanen dira. Enpresa eta profesionalentzat jaialdietan parte hartu edo antolatzeko; entitate kulturaletarako eta proiektu berritzaileentzako. Diru-laguntzetan izanen den beste aldaketa nabarmenena, diru-banaketa lehenago eginen da eta ez dute euren proiektuak egiteko dirurik aurreratu beharko, orain arte gertatzen zen bezala.

Estrategia berrien artean: lan egiteko era transbertsala izanen da, zerbitzuen arteko koordinazioa hazi eginen da, programazio zabala eta anitza, komunikazioa areagotu eta herritarren inplikazioa bilatuko dute.

Hala, parte hartze dinamika abian jarriko dute martxotik. Teknikoekin hasi dira lantzen, bost zerbitzu nagusietako ordezkariekin bilduko dira, kultura kontseiluaren iritzi eta proposamenak bilduko dituzte eta baita kultur eragileena ere.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!