Sadar bizirik. Zaleen eskubideak errespetatu lelopean eginen dute martxa. Izan ere, Indar Gorriko hemezortzi kide atxilotu zituzten otsailaren 1ean.
"Atxilotzen bagaituzte ere, zentsurak eta miaketak badaude ere, errepresioa bada ere eta haren arduradunak badaude ere, hemen gaude", esan dute, prentsa ohar baten bitartez. Eta gaineratu dute: "Kantatzen eta borrokatzen den harmaila ez da sekula hilko". Jasotako babesa eskertu dute, halaber. "Altxatu gara jaso gaituzten elkartasunezko lagun besoak izan ditugulako, zaurituta geunden bitartean lagundu gaituztenak".
"Hel diezaiogun elkarri besotik, denok batera bultza egiteko, eta goazen errepresioaren oztopo guztiak gainditzera, harmailan eta zelaian irabaziz bataila eta partidu horiek guztiak, etorkizuna Osasunaren gorri errebeldez tindatuz". Horra aurrera begiratzeko zabaldu duten oharra. Gainera, "12 soinean dutela" aurrera jarraituko dutela esan dute.