Parlamentarien solasaldia: aldaketaren lau indarrak, euskarazko bi haur eskola berrien alde

Euskalerria Irratia 2016ko ots. 17a, 10:25

>Ezeolaza (Ezkerra): "Elkarbizitza balore oso garrantzitsua da. Dogmatismo eta esentzialismo puntu bat bertan behera utzi behar dugu"
>Ruiz (EH Bildu): "Hemen 'justizia' kontzeptua erabili beharko genuke, 'elkarbizitza' erabiltzen ari den bezala"
>Solana (Geroa Bai): "[Murgiltze ereduari buruz] Kasu bakoitza ikusi eta horren arabera erabaki behar da"
>Aznarez (Ahal Dugu): "Hamazazpi haur eskoletatik euskarazko lau bakarrik izateak ez du bermatzen euskaraz ikasteko aukera"

Juan Kruz Lakasta kazetariaren gidaritzapean, borborrean daude gaiak jorratu dituzte Geroa Baiko Maria Solana, EH Bilduko Bakartxo Ruiz eta Ezkerrako Joseba Ezeolaza parlamentariek eta Ahal Duguko kide eta Parlamentuko presidente Ainhoa Aznarezek.

D ereduarentzat, eraikin bananduak?

Sarrigurenen bi eraiki daude. Bi eskola. Eraikinetako bat D eredukoa izatea eskatu dute zenbait gurasok. Ezkerrako Joseba Ezeolazak, ordea, "elkarbizitza" aitatu du. "Elkarbizitza balore oso garrantzitsua da.Dogmatismo eta esentzialismo puntu bat bertan behera utzi behar dugu". Ez deritzo beharrezkoa eraikin banandua izateari.

Solanak "kasu bakoitza ikusi eta horren arabera erabaki" egin behar dela esan du. Sarrigurengo kasuan, hain justu, argi dauka: dioenez, gurasoek banatu egin nahi dute. Gainontzekoetan, aztertu behar. Gehiago xehatu du argudioa: "Badakit soziolinguistikoki ez duela zentzurik esaten dugunak, inmertsio aldera; osaketa linguistikoari dagokionez, hobe izanen da bakarrik zentro elebakar batean egotea, baina, klaro, zentro elebakar batean egotea euskaldunak, ongi, baina zentro bakar batean egotea erdaldunak...". Bazterketa eragin lezakeela defendatu du.

Aznarezek kontsultaren alde egin du. Zentroaren zuzendaritzarekin, langileekin eta adin jakin batetik gorako ikasleekin hitz egin behar dela azpimarratu du.

Bakartxo Ruiz (EH bildu) penatuta azaldu da, "bakarrik" geratu delako Bildu. Zalantzarako tokirik uzten ez duen esaldia harilkatu du: "Euskararen normalizazioa bai ala bai". Bide beretik, zentro bananduak behar direla ziurtatu du, euskalduntzea bermatze aldera.

"Murgiltze ereduak baldintza duinak izateko espazio formalak eta informalak barnebildu behar ditu. Eta badakigu D ereduak ere izugarrizko zailtasunak dituela ikasleak euskalduntzeko". Elkarbizitza delakoari ere eutsi dio: "Iruditzen zait elkarbizitza kontzeptuaren erailera interesatu egiten dela. Elkarbizitza gazteleraz bada, elkarbizitza da. Ematen du euskaraz bada ez dagoela elkarbizitzarik".

Kontzeptualizazioaren inguruko ideiekin amaitu du hitz hartzea. "Hemen 'justizia' kontzeptua erabili beharko genuke, 'elkarbizitza' erabiltzen ari den bezala".

Ereduaren erabakia

Zeinek erabaki behar du zein eredu eskaini toki bakoitzean? Ezeolazak gizartearen osotasuna aintzat hartzeko defendatu du. "Gizartea anitza da eta ikastetxe bat eta bere inguruan dabilena horren isla izan behar da". Hala, erdaldunak eta euskaldunak nahastea "positiboa" da, haren irudiko, "bestela euskara zer edo zer arrotza bezala ulertu daiteke etorkizunean".

Solanak esan du ezin dela erabaki ereduak banatzea "eskubideak eduki eta errespetatuak izan daitezen". Haren ustez, "kasu bakoitzak badu berea".

"Guk defendatu izan dugu A ereduaren garrantzia, hurbiltze horren aldera. Hainbat tokitan A eredua egotearekin, ni kontent. Eta hurrengoa, naturaltasunez egiten bada, normalena litzateke D eredura pasatzea". Tokian tokikoa kontuan hartzearen alde mintzatu da Geroa Baiko parlamentaria.

Haur eskolak ahotan

Bestelako ertz bat ere paratu du mahai gainean Solanak: haur eskolak. Oraingo egoera izan du hizpide. "Lau, euskara hutsean eta besteak, ez dakit zer. Izan daitezela hamazazpiak elebidunak".

Aznarezek argitu nahi izan du Iruñeko Ahal Duguren oharrarekin sortutako polemika. Izan ere, oharraren arabera, bazirudien Ahal Duguk zalantzan jartzen zuela euskarazko bi haur eskola gehiagoren beharra. Parlamentuko presidenteak argitu duenez, "hori ez da Iruñeko Ahal Duguk pentsatzen duena".

"Hamazazpi haur eskoletatik euskarazko lau bakarrik izateak ez du bermatzen euskaraz ikasteko aukera. Oso gutxi da. Eskaintza horrekin ez da salbatzen. Geratzen dira hainbat ume plazarik gabe", salaketa egin du, aitzitik, "prozeduran" jarri du mira. "Presaka" egin izana kritikatu du.

Azkenean, lau taldeak, Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra haur eskoletan euskara gehiago egotearen alde azaldu dira, bakoitza haren formularekin.

Aurre matrikulazioaren garaia

Zabaldu da jada aurre matrikula egiteko epea. Ruizen ustetan, LEPren gaiak utzitako orbaina azaleratuko da orain, lerro berriak zabaltzerakoan, irakasle gehiago beharko baitira. "LEPren 120 plaza horiek atera ez izanak eragina izanen du".

Aznarezek erantzun dio, deialdi berriak egin daitezkeela esanez.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!