Luzaide eta Arnegiko eskolek bat egiteko proiektua abian da

Euskalerria Irratia 2016ko otsailaren 15a

Luzaideko eskola. Arg: iparraldekohitza.eus

Ikasleek euskaraz, frantsesez eta gaztelaniaz ikasiko lukete mugaz bi aldeetako lehen eskola honetan.

Mugaz gaindiko gisa horretako lehen proiektua da, heldu den ikasturtean martxan jarri nahi den eskola berri hau. Estebe Petrizan Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Zuzendari Nagusiak Ipar Euskal Herriko Hitzari adierazi dion bezala “proiektua oso ona da berez” eta proiektua bideratua bada ere oraindik ez dela bururatua gehitu du: “zenbait akordio bai badirela, diseinua ere egina dago, baina ez dago arras onartua oraindik, gurasoak dira protagonistak. Hiru hizkuntzetan lan egingo dute, oso interesgarria da. Badugu muga hor dagoena, alde batean gaztelania eta euskara ofizialak dira, beste aldean frantsesa bakarrik, baina funtzionaltasuna baloratzen dugu, mugaz bi aldetatik dauden hizkuntzak kontuan hartuz, ingelesa ere bai, nahi bada eskualdetik atera, baina gaur egun ditugunak hirurak dira; beraz, Luzaideko neska-mutilek euskara frantsesa eta espainola jakin behar dute”.

Arnegik 23 ikasle dauzka; Luzaidek, berriz, 13. Eskola berrian bi eraikin desberdinetan arituko ziren haurrak, proiektuaren arabera: goizez herri batean eta arratsaldean bestean. Ikasleen mugimenduak errazteko taxi zerbitzua jartzeko asmoa dute.

Oraindikan gai askotan adostasun falta nabaria bada ere, gurasoen esku dago erabakimena. Haiek erabaki behar dute zer proportzio eman hizkuntza bakoitzari edota erlijio klaseekin zer egin. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!