Aurrematrikulazio kanpaina gaur amaituko da

Euskalerria Irratia 2016ko otsailaren 15a

>D eredua aukeratu ahalko dute "eremu ez euskaldunean", lehenengo aldiz.
>Hezkuntza publiko eta pribatuaren eta hizkuntza ereduen artean hautua egin beharko dute 6.075 haurren tutoreek. 

Inoiz baino justuagoa izanen da. Gaur amaituko da Nafarroan sekula egondako aurrematrikulazio kanpaina demokratikoenari. 15ean hasi eta gaur arte, sare publikoaren eta pribatuaren eta hizkuntza ereduen artean hautatu beharko dute lehenengo aldiz hezkuntza sisteman sartuko diren 3 urteko 6.075 haurren familiek.

Euskararen Legeak "eremu ez euskaldun" izendatzen dituen lurraldeetan zehaztuta dago jada zer nolako irizpideak erabiliko dituzten eskaintza martxan jartzeko garaian. Gela bat sortzeko gutxieneko ikasle kopurua zortzikoa izanen da. Dena dela, herri batean zortzi lagunek izena ematen ez badute, ondoko herrikoetako euskarazko eskaera egin dutenekin batu eta zentro batean batuko dituzte denak. Hezkuntza sailak hartuko du kudeaketaren ardura. Nafarroako Gobernuak garraiorako eta jantoki zerbitzurako diru laguntzak emanen dizkie.

UPNk, PSNk eta PPk salatu egin dute gobernuaren jarrera eta D ereduaren inguruko "informazio asko" ematen duen bitartean, PAI eskaintzaren inguruko "gutxi" eskaintzea leporatu diote.

Nola eman izena?

Hiru aukera markatu beharko dituzte umeen tutoreek, interesaren arabera, eta lehenengo aukera den zentrora eraman beharko dute inskripzioa.

Familia liburua eta errolda agiria aurkeztu beharko dituzte, eta errenta aitorpena, ezgaitasuna frogatzen duen dokumentatua, familia ugaria edota gizarte zerbitzuen txostena ere eman ditzakete, azken horiek nahi izanez gero baino ez.

Nafarroako Gobernuaren navarra.es atarian egin daiteke eskaera.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!