Tokiko mapa erreformatzeko plana aurkeztu du Landa Garapeneko Departamentuak. Eskumenak hobetu eta herritarrei eskubide zibilak ziurtatzeko helburua du. Prozesu parte-hartzailea izanen da eta egunerokotasunean sortzen diren arazoak aintzat hartuta irtenbideak planteatzea da asmoa. Eskumenen mugak non jarri, tokiko egitura zehaztu eta finantzaketa adostea izanen da Isabel Elizalde kontseilariaren departamentuaren planteamendua.
Partaidetza prozesua Nafarroako Gobernuaren artean, tokiko erakundeen artean, talde parlamentarioekin, aholkulari adituekin eta tokiko eragileekin jarriko dute martxan.Bi urterako lana aurreikusi du Elizalde Kontseilariak. Ikuspegi tematiko batetik eta lurraldearen antolaketatik eginen dituzte lan taldeak. Bi fase izanen dira. Udalerri eta kontzejuen lan taldeak osatuko du lehena. Jada, biltzen hasiak dira. Talde erabakitzailea eta aholku emailea elkarlanean ariko dira lanean eta parlamentariek ekarpenak eta iritziak ematen ahalko dituzte.
Eskumenak zehazteko prozesua
Hiru eduki nagusi izanen ditu prozesuak: tokiko eskumenak, mapa propioa osatzea eta toki erakundeen finantziazioa. Udal eskumenak, udalez gaindikoak eta foruarenak jakitea ezinbestekoa da. Erabakiak hartu behar dira. Inorenak ez diren baina burutzen diren eskumenak ere jakin behar dira kokatzen.
Eguneroko errealitatetik abiatuta ekinen diote berrantolaketa prozesua definitzeari. Prozesu irekia, faseka eginen dena eta denen artean dokumentu bakarra osatzeko asmoa dena.
2017an aurreikusi dute proposamena aurkezteko epea. Erreformaren definizioa bilduko den txostena izanen da. Hala, 2018an lege aldaketa izanen litzateke.
Lasak gogoratu du 1990an onartu zela parlamentuan tokiko administrazioaren antolaketa. Ordutik, gauzak aldatu dira, eskumen berriak sortu, eskuz aldatu, legedi berria dago... eta horretara egokitutako erreforma osatzea da xedea orain.
Tokiko mapa hori berrantolatzeko garaian, gogoratu behar da, Nafarroak 272 udalerri dituela, 348 kontzeju, 75 mankomunitate, 18 elkarte eta 5 erakunde tradizional.