Lantzeko inauterietan kamerari batek eraso sexista pairatu duela salatu du EiTBk

Euskalerria Irratia 2016ko ots. 8a, 19:53

Eskua sartu diote eta hankartean makila jarri, kamerariaren lankide batek Twitterren azaldu duenez.

Lantzeko inauterietan kamerari batek eraso sexista pairatu duela salatu du EiTBk prentsa ohar baten bidez.

EFE albiste agentziaren arabera, gertatu dena izan da kameraria kale erdian estropuz egin duela, eta Ziripotek modu zakarrean kendu duela bere bidetik. Bertsio horrek erasoaren larritasunaren inguruko zalantzak eragin ditu sare sozialetan.

Haatik, erasoa pairatu duen emakumearekin batera lanean ari zen beste kazetari batek Twitterren salatu duenez, bidetik bultzaka baztertzeaz gain beste hainbat gehiegikeria egin dizkiote: "Eskua sartu, ukitu, hankartean makila jarri".

EiTBk "babes osoa" langileari

EiTBk prentsa ohar baten bidez "babes osoa" eskaini dio eraso sexista pairatu duen langileari eta "jokabide sexista guztiak" gaitzesten dituela azpimarratu du ohar batean. Modu berean gaineratu du EiTBk beste behin publikoki gaitzetsi nahi dituela festa giroko jokabide sexista guztiak, larrienetik txikienera “jaia eta festa ez dira inolako aitzakia gizakiaren duintasunaren kontrako jokabideak onartzeko", nabarmenduz. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!