Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Duguk eta Ezkerrak aurkeztutako adierazpenean "indarkeria guztiak" gaitzetsi dituzte eta giza eskubideen urraketak errepika ez daitezen "konpromisoa" hartu dute [parlamentuaren webgunean irakur daiteke, gaztelaniaz].
Bestalde, Ezkerraren proposamenean ETAren indarkeria gaitzetsi dute. UPNk, Ahal Duguk, PSK eta PPk alde bozkatu dute, eta Geroa Baik eta EH Bilduk aurka. "Berehalako desegitea" eskatu diote erakunde armatuari, bai eta "armagabetze frogagarria" ere.
"Nafarroako Parlamentuak erabateko kondena adierazten du ETAk eragindako indarkeria terroristaren aurka eta taldea berehala desegitea eskatzen du". Hala dio hitzez hitz Ezkerrak aurkeztutako testuak.
Geroa Bai eta EH Bildu, kontra
Kritiko azaldu dira Ezkerraren testuaren edukiarekin Geroa Bai eta EH Bildu. Koldo Martinez Geroa Baiko kideak esan du "egoera aldatu" egin dela onartu beharra dagoela. ETAk "azken urteotan" ekintzarik egin ez duela ekarri du gogora, bide horretatik, "normaltasunerako urratsak" egitera dei egin du.
Zergatik egin Ezkerraren testuaren kontra? "Memoriaren kudeaketa osoa" nahi dutelako Geroa Bai, Martinezen esanetan. "Parlamentuak onartu behar du garai berriak direla eta indarkeriaren kontrako jarrerak ahalik eta integratzaileenak izan behar dutela" zehaztu du.
EH Bilduko Adolfo Araizek esan du "eskasa" dela adierazpena, baina "koherentea" Ezkerraren diskurtsoarekin. "Kondenatik harago joan behar dugula ulertzen dugu; biktima guztien inguruan hitz egin beharra dago, giza eskubideen urraketa gehiago ez emateaz, uko egiteaz indarkeriari helburu politikoekin erabiltzeari. Etorkizunera begira gaude".
Bestalde, Bilduko bozeramaileak jakinarazi du aztertzen ari direla proposatzea ETAk "gizateriaren kontrako krimenak" egin dituela dioen parlamentuaren iazko deklarazioa bertan behera uztea. "Ezker abertzalearen genozidioaz hitz egitea lekuz kanpo dago", azpimarratu du Araizek.