Espainiako Auzitegi Nazionalak absolbitu egin ditu auzipetutako Askapenako bost kideak: Gabi Basañez, Unai Vazquez, David Soto, Walter Wendelin eta Aritz Gamboa. Fiskaltzak bost urteko kartzela zigorra eskatzen zuen "talde terrorista" batekin elkarlanean aritzea leporatuta. Aldiz, epaileak ez du halakorik berresten duen frogarik aurkitu. "Ez dago ETAk Askapenari zuzendutako zuzeneko agindurik, ez eta haren erantzun mezurik ere". Horretaz gain, sententziak nabarmentzen du ez dela egon "militantzia bikoitzik" eta auzipetutako bost kideak ez direla inoiz zigortuak izan "talde terroristako kide" izateagatik edo harekin elkarlanean aritzeagatik.