Aurre-matrikulazio kanpainan D eredua markatzeko aukera Nafarroa osoan eskainiko du Gobernuak

Euskalerria Irratia 2016ko ots. 1a, 11:06
Jose Luis Mendozak aurre-matrikulazio kanpaina aurkeztu du. Arg: euskokultur.org

Aukeratu publikoa, kalitatezko hezkuntza lemarekin deia eginen die gurasoei, ikastetxe publikoetan izen eman diezaieten euren seme-alabei.

D eredua Nafarroa osoan ziurtatuko du Nafarroako Gobernuak. Haur eta Lehen Hezkuntzako aurre-matrikulazio kanpainan Jose Luis Mendoza Hezkuntza Kontseilariak adierazi du. Aukeratu publikoa, kalitatezko hezkuntza lemarekin deia eginen die gurasoei, ikastetxe publikoetan izen eman diezaieten euren seme-alabei.

Aurtengo aldaketa nabarmenetakoa, D eredua eskainiko duela Gobernuak Nafarroa osoan. Eremu ez euskalduna izendatutako horretan ere, gurasoek euskarazko eredua nahi duten helaraziko dute. Izen-emateko orrian horretarako aukera eskainiko zaie.

Zortzi haur beharko lirateke eremu ez euskaldunean D ereduzko gela bat irekitzeko. Hori lortuko ez balitzateke, gertuko herrietako haurrekin eratuko litzateke taldea. Modu horretan, mugitu beharko liratekeen haurrek autobuserako eta jantokirako laguntzak izanen dituzte. Hala aurreratu du hezkuntza kontseilariak.

Otsailaren 15etik 19ra izanen da aurre-matrikula kanpaina Haur eta Lehen Hezkuntzan. D ereduaren inguruko informazio guztia helaraziko diete Gobernutik eremu ez euskalduneko gurasoei eta zalantza guztiak argitzeko prest izanen dira. Aurre-matrikulazio kanpainatik jasoko dituzten matrikula-orriak aztertu eta ondoren erabakiko dituzte xehetasunak.

D eredua zabaltzeaz gainera, beste aldaketarik ere izanen da. Ikas-geletan gehienez 25 haur izanen dira haur eta lehen hezkuntzan. Bigarren hezkuntzan, Lanbide Heziketan eta Batxilergoan aurre-matrikulazioa apirileko bigarren hamabostaldian izanen da. Ikasgeletan gehienez ere 30 ikasle izanen dira.

D eredua euskalduna ez den zonaldera zabaltzea

Aipatu den moduan, 2016-2017 hurrengo ikasturtetik aurrera, Nafarroan bizi diren 3 urteko haur guztiak D ereduan eskolatu ahalko dira sare publikoko ikastetxeetan, hau da, euskarazko irakaskuntza gaztelania ikasgai moduan izanik. Aukera hori gainerako adinetara zabalduko da pixkanaka datozen ikasturteetan; hala, taldeen sorrera bermatuko da derrigorrezko hezkuntzako maila guztietan, Hezkuntza Departamentuaren etengabeko ikuskaritzapean.

Berrikuntza otsailaren 24ko 4/2015 Foru Legearen ondorioa da, abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen, Euskarari buruzkoaren, 26. artikulua aldatu zuena, zonalde ez euskaldunean D ereduaren eskaintza ahalbidetuz.

Aurrematrikula-eskaera formalizatzeko, datuak bete eta “D Eredua” laukitxoa adierazi baino ez da egin behar aurrematrikulako inprimakian; inprimakia Nafarroako ikastetxe publiko guztietan eskuratu ahalko da. Eskaera Nafarroako edozein ikastetxe publikorako egin ahalko da, nahiz eta ikastetxeak gaur egun D eredurik ez izan.

Hezkuntza Departamentuak eskolatzeari buruzko arreta eredu horretan emango du, ondorengo irizpideak betez:

  • D ereduko lerro berriak gutxienez 8 ikaslerekin irekiko dira orokorrean.
  • Gutxieneko zifra horretara heltzen ez den kasuetan, taldeak osatuko dira geografia-hurbiltasunari erreparatuz, eta Hezkuntza Departamentuak lerro berria ezartzeko ikastetxe egokiena hautatuko du.
  • Beste udalerri batzuetatik joan behar duten ikasleek garraio eta jangela zerbitzuak izango dituzte hautatuko ereduan beren eskolatzea bermatzeko.
  • Hezkuntza Departamentuak ikasturte bakoitzean eskaintzaren jarraipena eta egokitzapena egingo du D ereduko beren derrigorrezko eskolatzea hasten duten ikasleek Haur eta Lehen Hezkuntza eredu horretan egin ahal dezaten.

Ikasle-ratioaren eta onarpenari buruzko araudiaren berrikuspena

Mendoza kontseilariak aurreratu duenez, 2016/2017 ikasturtean egungo sistemaren beste elementu batzuk berrikusiko dira, esaterako: ikasgela bakoitzeko ikasleen gehieneko kopurua edo onarpenari buruzko araudia.

Lehen gaiari dagokionez, Hezkuntza Departamentuak apirilaren 20ko 14/2013 Errege Dekretuaren aurreko parametroetara itzuli nahi du, kopuru hori handitu zuena. Horrekin, Lehen Hezkuntzan, egungo 30etik 25era jaitsiko zen (Nafarroan ez dira 27 gainditu); Bigarren Hezkuntzan, berriz, 32tik 30era jaitsiko zen, eta Batxilergoan, 33an geratuko zen.

Onarpena arautzen duen araudiari dagokionez, 2016/17 ikasturtea egungo irizpideekin hasiko da. Hezkuntzak ikastetxeetako eragin-guneak berrikusteko prozesua hasi du, ikaslea bere ingurunearen eskolatzeko xedea lehenetsiz; gainera, jatorri, sexu, gaitasun edo beste egoera familiar edo pertsonalengatik sor daitezkeen diskriminazio-egoerak saihesten ahaleginduko da. Aldaketak 2017/18 ikasturtetik aurrera egingo dira.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!