Ezkabatik ihes egindako hamalau pertsonen gorpuzkiak aurkitu dituzte Olaben

Euskalerria Irratia 2016ko otsailaren 1a

1938ko maiatzean alde egin zuten Ezkaba mendiko espetxetik. Urteetan hobi komun batean egon ostean, Aranzadi zientzia elkarteari esker atera dituzte hilobitik.

1938ko maiatzaren 22an izan zen. Ezkabako kartzelatik ihes egin zuten hainbat presok, eta mugaz bestaldera abiatu ziren. Hala diote ikerlariek. Ezin izan zuten lortu, ordea. Euren zain zeuden frankistak Olaben, eta hor bertan akabatu zituzten. Exekutatu egin zituzten, Paco Etxeberria antropologo eta ikerketa taldeko buruak azaldu duenez

Herriko hilerritik 40 metrora aurkitu dituzte hilotzak hilotzen arrastoak. Hasiera batean hemezortzi pertsona lurperatuta egon zitezkeela pentsatu bazuten ere, hamalauren aztarnak baino ez dituzte aurkitu.

Instituzioak, memoria historikoari tiraka

Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanen kontseilari Ana Ollo eta Elkarbizitza eta Giza Eskubideen idazkari Alvaro Baraibar izan ziren Olaben, hobia dagoen tokian, bertako herritarrekin.

Nafarroako gobernuak lan eginen du frankismoan eraildakoak aurkitzeko, Baraibarren hitzetan; onartu zuen, nolanahi ere, "zaila" dela, izan ere adinekoak dira orduko gertakariak bizi izan zituztenak.

Ollok azpimarratu zuen bakea eta bizikidetza eraikitzeko   "hausnartu" egin behar dela halako gertakarien inguruan, eraildakoei "duintasuna" bueltatu behar ziela aldarrikatzearekin batera.

Eta herritar batek hartu zuen hitza orduan. Zehaztapen bat egin zion Ollok esandakoari: "Askotan, hobiak aurkitzen direnean, esaten da pertsona hauei duintasuna bueltatu zaiela. Baina berez exekutatutakoek ez zuten duintasuna inoiz galdu: borreroek dira duintasunik eduki ez zutenak".

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!