Ikur frankisten errolda osatuko du Gobernuak

Euskalerria Irratia 2016ko ots. 1a, 09:45

Ana Ollo Gobernuko eleduna, Pablo Azcona Udal eta Kontzejuen Federazioko presidentea eta Alvaro Baraibar Bake eta Elkarbizitzako zuzendaria.

Frankismoari lotutako pertsona edo gertaerei buruzko ikur, kondaira, aipamen eta kale-izenak identifikatuko dituzte Udal eta Kontzejuen Federazioaren laguntzarekin. 

Errolda berri bat izanen du Nafarroak. Argazki berri bat erakutsiko du. Erkidegoan dauden sinbolo eta ikur frankistak bilduko dituzte txosten batean. Eta gero, ezabatzera joko dute. Elkarlanaren ondorio izanen da errolda hori. Nafarroako Gobernua Udal eta Kontzejuen Federazioarekin ari da lanean. Bakea, Elkarbizitza eta Giza Eskubideetako Zuzendaria, Alvaro Baraibar; Ana Ollo Gobernuko eleduna eta Udal eta kontzejuen Federazioko presidente Pablo Azkona izan dira errolda horren berri ematen.

2013ko Memoria Historikoaren Legea betetzera bideratutako kolaborazio-lana izanen da. Udarako osatua izan nahi dute Nafarroako mapa non, izen, sinbolo, ikur frankistak non dauden zehaztuak agertuko diren. Programa zabala izanen da aurrera eramanen dutena. Hasteko, errolda osatzea izanen dute xede. Horretarako ezinbestekoa izanen da udal eta kontzejuen lana, eurek inork baino hobeki ezagutzen dutelako euren herri, auzo eta kaleetan dauden ikur frankistak zeintzuk, zenbat eta non dauden.

Ez dira ezerezetik hasiko. Vianako Printzea Kultura erakundeak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak zenbait txosten badituzte eginak informazio askorekin, baina, xehetasun gehiago izateko joko dute herriz herri gehiago jasotzera. Zehazki zenbat ikur eta sinbolo egon daitezkeen ez daki Alvaro  Baraibarrek baina Tuteran adibidez Eneko Larrarte alkateak eman die zenbait ikur frankistaren berri: berrogei inguru badaude Tuteran, kontuan hartuta kale izendegian ere badirela.

Errealitatea zein den aztertzea beharrezkoa da lehenik eta behin, informazioa kontrastatzea, NUPeko eta Vianako Printzea Erakundeko dokumentazioarekin alderatu eta proposamen zehatzak eginen dituzte. Proposamen horiek, memoria historikoaren koordinazio batzordera bideratu eta bertan erabakia hartuko dute, zein irtenbide ematen ahal zaion jakiteko.

Nafarroako Gobernua dagoeneko lanean ari da ikur frankistak ezabatzeko. Datozen egunetan adibidez, Nafarroako Jauregiko frontoian dagoen ezkutuko laureada kendu eginen dute. Ezkutua ahalik eta gutxien kaltetu eta inguruko azpiegiturari ahalik eta min gutxien egiteko, laureada hori zizelkatu eginen dute, alegia tallatu. Horixe izan da NUPeko adituek egin dieten gomendioa ahalik eta kalterik gutxien sor dezan. Ana Ollo bozeramaleak gainera, esan du hitz egin dutela ezkutuaren egileraren senitartekoekin, ezkutua 1951koa da eta egokia iruditzen zaio sinbolo frankista kentzea ezkutu horretatik.

Sinbolo eta ikur frankistak non eta nola dauden jakitea da lehen pausoa Memoria Historikoaren legea betetzen hasteko, ondoren, horiek guztiak ezabatzea izanen da lana. Udarako errolda egina izatea espero dute eta ondoren, gainerako prozedurekin segitzea aurreikusi dute.

Horrek eraginen duen aurrekontua zenbaitekoa izanen den eta nork hartuko duen beregain galdetu diote Alvaro Baraibarri. Oraindik jakin gabe zenbat ikur diren kendu beharrekoak, ezin da jakin zenbateko aurrekontua beharko den, baina ez du uste diru askorik izanen denik. Nafarroako Gobernuaren laguntza izanen duela ere gaineratu du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!