Opuseko klinikarekin hitzarmena hautsi dutela berretsi dute aurrekontuek

Euskalerria Irratia 2016ko urtarrilaren 29a

Argazkia: Nafarroako Unibertsitate Klinikaren hitzarmenaren aldeko elkarretaratzea. /@mbarcaiz

4.005 milioi euroko aurrekontuak onartu dituzte Nafarroako Parlamentuan; Unibertsitate Klinikari ez diote dirurik emanen langileak arta ditzan. Lau urteren ostean eginen du aurrera diru-sailak.

Opuseko ospitalean lan egiten dutenek Osasunbidera jo beharko dute hemendik aurrera, gainontzeko herritar guztiak bezala. Horrela jakinarazi zuen exekutiboak, eta azken egunak protesta artean joan badira ere, irmo mantendu da bere horretan gobernua.

UPNk eta PPk kontzertua defendatu dute, baina kontra egin dute EH Bilduk, Geroa Bai, Ahal Duguk eta Ezkerrak. Eta gehiengoa izaki, erabakita dago: Osasunbidean artatu beharko dituzte hemendik aurrera klinikan artatzen zituzten 7.000 lagun horiek; alegia, euren seguru pribatuak ez dituzte herritar guztiek pagatuko.

UPNko Begoña Ganuzak 7.000 pertsonen osasuna "arriskuan" dagoela esan du, eta lauko gobernuari osasuna "jaurtitzeko arma" gisa erabiltzea leporatu dio.

EH Bilduko Bakartxo Ruizek "pribilegioarekin" bukatzeko ordua dela aldarrikatu du, eta ahoan bilorik gabe mintzatu da: "Muturra behar da gero lau urtetan osasunaren kalitateaz arduratu ez eta orain hortza hitz egiteko".

Geroa baiko Koldo Martinezek, aldiz, "diskurtso beldurgarriak" egitea egotzi die erregionalistei, eta "apokalipsia" ez dela iritsiko argudiatu du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!