Aurrekontuak adostu dituzte Parlamentuan

Euskalerria Irratia 2016ko urt. 29a, 08:16
Mikel Haranburu Ogasun kontseilaria eta Uxue Barkos Lehendakaria atzo Parlamentuko bilkuran. Arg: eitb.eus

Aurrerakoiak eta ausartak dira 2016ko aurrekontuak Geroa Bairen ustez. Gobernua babesten duten alderdien botoekin atera da aurrera 4.005 milioi eurotako aurrekontua.

"Zorioneko eguna da gaurkoa", adierazi du Geroa Baiko Jokin Castiellak aurrekontuak defendatu dituenean. Gogoratu du, 2012tik aurrekontu luzatuak izan dituela Nafarroak eta atzo onartutakoekin etorkizunera begira daitekeela: "Aurrerakoiak eta ausartak dira". 2016ra egokitutakoak izanen direla ere azpimarratu du. "Gizarte politiketara diru gehiago bideratuko da eta arlo hori izanen da lehentasuna". Enplegua sortzen segitzea eta larrialdi egoeratan daudenak artatzea ere izanen da lehentasun. Akordioa eta elkarrizketaren bidea erabiltzea ere positiboa dela uste du Castiellak.

Bide beretik, EH Bilduko Adolfo Araizek uste du erregimenak izan dituen nahiak albo batean uzteak esan nahi duela aldaketa badatorrela. Azpiegitura erraldoiak bigarren mailako ardura izanen dira hemendik aurrera bestelakoak atenditzeko. Podemos-Ahal Dugurentzat "trantsiziozko" aurrekontuak dira, aldaketa politiko eta sozialaren bidea egiteko balioko dutenak. Izquierda-Ezkerrak dio eskuinak egindako murrizketak baretzeko eta pribatizazioekin amaitzeko lehen pausoa direla.

UPN, PSN eta PPN ez daude ados

Carlos Garcia Adanerok esan du ahoa bete zaiela esanez gizarte politikak lehenetsiko dituztela, baina, ez dira aurrekontu sozialak.

Alderdi sozialistak ere uste du, Nafarroak etorkizun aberasgarri eta anitza izateko ez direla aproposak izanen. "Lehen mailako Nafarroa ez da modu horretan sortuko", hala esan du Ainhoa Unzuk.

4.005 milioi euroko kontua izango du Nafarroako Gobernuak aurten.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!