Eskubide Sozialetako lehendakariorde Miguel Laparrak langabezia-tasaren balorazio oso "positiboa" egin du, eta Biztanleria Aktiboaren Inkestako datuekin bat etorriz azken hiruhilekoan 600 pertsona gutxiago zegoen lanik gabe eta 5.000 gutxiago azken urtean; 41.400 langabe daude orain.
Krisia 2008. urtean hasi zenetik, langabeziaren jaitsieraren "urte onena" izan da, Laparrak azpimarratu duenez. % 13,53ko langabezia-tasa dago, autonomia erkidego guztiak aintzat hartuta, bigarren txikiena. Espainian % 20,90ekoa da.
Beste datu "positibo" bat, esan du, kide aktibo guztiak langabezian dauden etxe-kopuruak behera egin duela da (% 33).Guztira, 12.200 etxe daude egoera horretan Nafarroan, kopuru guztiaren % 4,8: aurreko hiruhilekoan baino 750 etxe gutxiago (-% 5,8), eta azken hamabi hilabeteetan baino 6.139 gutxiago (-% 33,5).
Lehendakariordeak aipatu du egoera horrek ondorio "oso positiboak" izanen dituela gizarte-politiketan (gizarteratze-errentaren eta beste neurri batzuen behar gutxiago). Era berean, aldi baterako kontratuen aldean mugagabeek izandako hazkundea nabarmendu du Laparrak ere (3.440 mugagabe gehiago azken hiruhilekoan).
Nolanahi ere, Laparra lehendakariordeak beste datu "anbibalente" batzuk ikusten ditu, okupatutako pertsonen kopurua aurten % 0,1 igo izana, esaterako, nahiz eta Gizarte Segurantzan 1.500 pertsona gehiago afiliatu diren.
Halaber, emakumeen langabeziak gora egin izanagatik kezkati agertu da; hala ere, okupazioaren igoera aipatu du, "eta horrek esan nahi du enplegu bat bilatzera animatzen den emakume gehiago dagoela".
Lehendakariordeak adierazi duenez, krisiaren aurreko okupazio-mailak berreskuratzeko bide luzea "geratzen da oraindik". "2011ko mailetan gaude, eta 33.000 enplegu sortu beharko dira", aipatu du; jarraian esan du Foru Gobernua ekonomia suspertzeko eta enplegurako egiten ari den politiketan erabateko konfiantza duela.