Nafarroako Gobernuak Lehen Hezkuntzako 6. mailako “errebalida”-ren aurkako legezko akzioak aztertuko ditu

Euskalerria Irratia 2016ko urtarrilaren 20a

Gobernu Zentralak azaroan onartutako Errege Dekretuak ere ez du Nafarroako ikastetxeetako autonomia errespetatzen, Foru Gobernuak dioenez

Aholkularitza Juridikoko Zerbitzuari dagozkion legezko akzioak aztertzeko baimena ematea erabaki du Nafarroako Gobernuak gaurko bileran, Lehen Hezkuntzako 6. mailako derrigorrezko "errebalida"-ri buruzko estatuko araudia errekurritzeko.

Foru Gobernuaren iritziz, indarrean dagoen arauak ez ditu Nafarroako eskumenak errespetatzen hezkuntza-arloan ezta ikastetxeen autonomia ere.

Arrazoi pedagogikoak ere

Hezkuntzako kontseilari Jose Luis Mendozak Aragoiko Gobernuko homologo Mayte Perezekin abenduan egindako bilkuran jadanik aurreratu zuenez, Nafarroak Errege Dekretu horren aurka beste hamar autonomia erkidegok gutxienez aurkeztuko duten errekurtsoarekin bat eginen du.

Nafarroako Gobernuaren aburuz, azterketa hori, hezkuntzako era honetako jardueretan ezinbestekoa den adostasuna ez izateaz gain, "ez da ebaluazio bat, ebaluazio batek izan beharreko izaera jarraitua, orokorra, prestakuntzakoa eta orientatzailea ez baititu; gainera ikasleen bilakaeraren une zehatz batera eta testuingurutik kanpoko egoera batera murrizten du".

Halaber, azterketa Lehen Hezkuntzan garatutako zazpi konpetentziatatik biri buruz soilik izango da; beraz, Foru Gobernuaren ustez, "ikasleei buruzko informazio aipagarririk ez du emanen, hezkuntzako etapa horretan ikasleekin harremanetan izan diren irakasleen txostenetan azaltzen denarekin guztiz bestelakoa dena".

Azterketa horren aurka izateko Gobernuak eman duen beste arrazoietako bat da irakasleek ebaluatzeko duten profesionaltasuna eta objektibotasuna zalantzan jartzen dela, bai eta ikastetxeetako zuzendaritza-taldeena edo ikuskaritzarena ere. Izan ere  azterketa horiei baliozkotasuna emateko kanpoko profesionalenagana jo behar dela azpimarratu dute Hezkuntza Departamentutik.  Nafarroako Gobernua kezkati agertu da "errebalida" horrek ikastetxeetan ranking-ak ezartzeko balio dezakeelako, eta horrek "ikastetxeak diskriminatzen eta ospea kentzen lagunduko luke, eta hezkuntzako lanari ez lioke mesederik egingo".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!