Nafarroako Gobernuak deialdi publikoetan euskara puntuatzen ez duela salatu dute

Euskalerria Irratia 2016ko urt. 19a, 10:45
Argazkia: Euskaraz bizitzearen aldeko mobilizazioa.

Administrazioa Euskaraz taldeak "gai identitarioek" lehentasunik ez dutela kritikatu du, eta "UPNren gauza bera" egitea leporatu dio lauko gobernuari. Abenduko basozain zerrendak osatzeko ez zuen euskara jakitea aintzat hartu.

UPNk Nafarroa osoa "eremu ez euskaldun" bilakatu zuela esan dute, prentsa ohar baten bidez, eta Gobernu berriak bide beretik segitzen duela. Euskara "erabat" alboratua izan dela deritzote.

"Ederki gaude, ederki gaudenez! UPN botatzeko hainbeste lan, gero Gobernu berriak gauza bera egiteko. Ziur aski, gai identitarioek lehentasunik ez dutenez, horregatik atera da horrela. Deialdietan euskara erabat alboratzea, hori bai lehentasun betikoa". Horra salaketa.

Horregatik, Administrazioa euskaraz taldeak gaitzetsi egin du Exekutiboaren jarrera, eta Euskararen Legea betetzeko galdegin dio. Aldarria, argia: " [Euskararen legeak ezarritako eremuak] ezin baditu kendu, errespeta ditzala".

Eta mikatz utzi du galdera airean: "Ala eremu euskaldunean basozainek ez dute lan egin beharko?"

Administrazioa Euskaraz taldearen profilean irakur daiteke salaketa osorik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!