Nafarroa aniztasunaren herrialdea da. Horixe ikusarazi nahiko dute Fiturren, Madrilgo Turismoaren Nazioarteko Azokan.
Nafarroak aurreko urteetan bezala bere stand propioa izanen du. Nafarroako paisaiak, kultura, gastronomia eta kirola izanen dira nagusi. Horrez gain, aurten bereziki protagonista izanen da landa turismoa, Nafarroan duela 25 urte hasi zelako turismo mota hori sustatzen.
Fiturrera sartu eta foru komunitatearen standera sartzeko, zoruak kolorez osatutako apaingarriak izanen ditu. Paretetan berriz, irudiak jarriko dituzte ikusgarritasuna handia izan dadin. Hala azaldu du Turismo arduradun Maitena Ezkutarik.
Nafarroaren erakargarritasuna islatzea izanen da Fiturreko xedea eta horretarako erkidegoaren aniztasuna baliatuko dute.
Turismo kulturala, Ingurumen turismoa, gastronomikoa eta kirola izanen dira Madrilen, baina baita ikuskizunak ere. Besteak beste, Altsasuko inauteriak irudikatuko dituzte.
Nafarroaren eguna hilaren 22an izanen da, baina 20tik 24ra izanen da zabalik Fitur eta foru erkidegoko standaren ateak ere bai.
Maitena Ezkutarirekin batera gaurko agerraldian Manu Aierdi presidenteordea izan da. Iazko datuak eman ditu turismoari dagozkionak: hazi egin dira gurera etorritako turisten kopurua, %5,3 bisitari gehiago izan dira Nafarroan.