"Arrazoi teknikoengatik" utzi du bertan behera Nafarroako Gobernuak 2008. urtetik Opuseko osasun gunearekin duen hitzarmena, Uxue Barkos presidentearen hitzetan. Bi milioi euro aurreztu daitezke Osasunbidera 7.000 lagun horiek bideratuta.
Leundu nahi izan du, dena dela, gatazka, "harreman ona" du-eta gobernuak klinikarekin, "hitzarmenaren gaiari dagokionez izan ezik".
Zorrotz hitz egin du Fernando Dominguez osasun kontseilariak; "sektarismoa" egon litekeenik ukatu egin du, PPko Ana Beltranek egindako kritikei erantzunez, eta akordio "bidegabekoa" zela gogorarazi du. 1,6 milioi aurreztuko dituzte harremana etenda, eta itxaron zerrendak murrizko eta lehen arretako zerbitzuak hobetzeko erabili dute dirua.
UPN eta PP, izokinen antzera
Korrontearen kontra ari dira UPN eta PP, gainontzeko taldeek diotena arbuiatuz. Ana Beltran PPko kideak azpimarratu du "guztiz legala dela osasun publikoari kostu ekonomiko aurreztea eta paziente gutxiago bideratzea".
UPNko Garcia Adanerok gogor hitz egin du: "Tontoak garela uste al dute?". Eta ahoan bilorik gabe ziurtatu du "adarra jotzen" ari dela gobernua.
PSN, soseguaren alderdia
Hitzarmena moztearen alde azaldu da PSN, ez, haatik, oharrik egin gabe. Ingurumari horretan, "gauzak soseguz" hartu behar dira, Maria Chibiteren irudiko. Gobernuak txosten juridikoa eta ikerketa ekonomikoa egin ditzala nahi du. Alde biko diskurtsoa egin du: lehenik eta behin, herritar guztiak osasun publikoan artatzearen alde azaldu da; dena dela, ñabardura egin du: Nafarroako Unibertsitate Klinikako lanpostuetan "eragin negatiboa" izan dezake erabakiak.
Protesta egin dute
Gaur, goizeko 11:00etan elkarretaratzera deitu dute klinikako langileek, euren desadostasuna erakutsi asmotan. Aurrerantzean ere mobilizatu eginen direla azaldu dute.