Txosten juridikoa gauzatzen ari da exekutiboa, egitasmoak 2011ko azalera handiko legearekin talde egiten duen jakiteko. Dirudienez, bat egiten ez duten zenbait ezaugarri dauzka: izan ere, komertzio gune handiak biztanle dentsitate jakin bateko eremuetan baino ezin dira egin, eta hori ez da Cordovillan betetzen.
Dena dela, Uxue Barcos presidenteak eta Manu Ayerdi kontseilariordeak adeitasunez hartu zuten berria, iragan abenduan suediar enpresak interesa zuela iragarri zenean.
Super Ser zaharraren orubea da Ikeak begiz jo duena, eta Nasuvinsaren jabetza da.
Ikea, kritika iturri
Foku pean jarri dute hainbat talde ekologistek eta langileen eskubideen aldeko taldeek Ikea. Esaterako, leporatu diote 80ko hamarkadan Kuba eta Alemaniako presoak erabiltzea.Ildo berean, prekarietatea oinarri duen enpresa dela salatu izan dute askok, Axier Lopez Argiako erreportaje honetan azaldu bezala.
Gainera, herri mugimenduetako kideek denda txikien salmentetan izanen lukeen eragina aipatu dute. Baionan saltokia ireki zenean, adibidez, Bizi! mugimenduko kideek hileta bat irudikatu zuten, sinbolikoki denda txikien amaiera irudikatu nahian. "Ikearen etorrerak Baionako saltokiei kolpe hilgarria emanen die", esan zuten. Nora Arbelbide Berriako kazetariak eman zuen irekieraren berri, ikuspegi kritikoz.