Etxepare Literatura Saria lehiaketaren aurtengo edizioa abian

Euskalerria Irratia 2016ko urtarrilaren 7a

Haurrentzako album ilustratuak sortzeko lehiaketa honetarako lanak maiatzaren 20ra arte aurkeztu ahal izanen dira

Nafarroako 20 toki entitate, haien Euskara Zerbitzuen bidez, eta Pamiela Argitaletxeak sari hau sortu zuten duela 12 urte. Hasieran Etxepare sariek haur, gazte eta helduentzako literatura saritu zuten bi ediziotan.

2006tik aurrera, Etxepare haurrentzako albumak sortzeko beka bihurtu zen, euskaraz sortutako albumen produkzioa sustatzeko helburuarekin eta 2009az geroztik Etxepare beka izateari utzi eta saria bilakatu zen.

2016ko edizioaren oinarriak

1. Sari honetara haurrei zuzenduriko lan ilustratuak aurkeztu ahal izanen dira. Proposamenak albumaren ezaugarriak izanen ditu; hau da, osagarriak diren irudi eta testu laburren bitartez, hari narratiboa duen istorio bat kontatuko du.

2.Lanak euskaraz idatziak, jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izanen dira. Ez da onartuko beste inondik moldatutako lanik, ezta aurretik saririk jaso duenik ere.

3.Lehiaketan honela parte hartu daiteke: bakarka edo idazle eta ilustratzaileek osatutako taldean.

4.Formatua librea da, baina lanak ez dira 20 cm x 21cm baino txikiagoak izanen, eta gutxienez 15 orrialde bikoitz izanen dituzte. Testuek ez dituzte 4.000 karaktere baino gehiago edukiko (zuriuneak barne).

5.Sari hau azken bi deialdietako batean jaso duten idazleen edo ilustratzaileen lanak alde batera utziko dira, nahiz eta arestian aipatutako baldintzak bete.

6.Lehiaketan parte hartzen duten egileek obra osoaren 2 ale maketatuta aurkeztu beharko dituzte: bata originala izanen da (paperean edo dena delako euskarrian) eta bestea horren kopia izango da (pdf formatuan, lan osoa fitxategi bakarrean). Kopia CD Rom edo Pendrive batean entregatuko da (aholkatzen da fitxategiek ez izatea 10 mega baino gehiago). Horretaz gain, albumaren testua aurkeztu beharko dute word formatuan (CD Romean edo Pendrivean sartu beharko da).

7.Lanak izengoitiaz izenpeturik egongo dira. Lanarekin batera gutun-azal itxi bat aurkeztuko da, kanpoko aldean lanaren titulua eta egilearen goitizena izango dituena eta barruan egilea edo egileen datuak: izen-abizenak, helbidea, telefonoa, helbide elektronikoa, NANaren edota pasaportearen fotokopia eta egilearen aipamen biografikoa.

8.Lanak helbide honetara bidaliko dira: ETXEPARE SARIA, Leitzako Udala-Euskara Zerbitzua, Elbarren 1, 31880 Leitza (Nafarroa).

9.Originalak aurkezteko epea 2016ko maiatzaren 20an itxiko da. Epaimahaiak erabakia hartzeko azken eguna 2016ko ekainaren 30a izanen da.

10.Epaimahaia haur literaturan eta ilustrazioan adituak diren pertsonek osatuko dute, eta udal eta mankomunitate antolatzaileek izendatuko dute. Udal eta mankomunitate antolatzaileetako teknikari batek idazkari lanak eginen ditu (hitza izanen du, baina ez botorik). Pamielak izendatutako pertsonak egon daitezke epaimahaiak egiten dituen bilkuretan (hitza izanen dute, baina ez botorik). Ez da saririk emanen epaimahaiaren iritziz gutxieneko kalitateko lanik ez badago. Epaimahaiaren erabakia apelaezina izanen da.

11.Sari bakarra emango da, 5.000 eurokoa, egile eskubideen aurrerapen moduan. Zergen atxikipena indarrean dagoen legediari jarraiki eginen da.

12.Saritutako lana Pamiela argitaletxeak argitaratuko du euskaraz, eta argitalpenean Etxepare sariaren aipamena eginen da.

13.Saria eman eta hilabeteko epean originalak itzuliko zaizkio eskatzen dituenari. Epe hori igarota, eskatzen ez diren lanak suntsitu egingo dira.

14.Oinarri hauetan zehaztu gabeko zalantzaren bat agertzen bada, epaimahaiak argituko du eta hark egiten ez badu udal eta mankomunitate antolatzaileek erabakiko dute. Sari honetan parte hartzeak oinarri hauek ezagutzea eta onartzea dakar.

Antolatzaileak:

Agoizko Udala; Antsoaingo Udala, Atarrabiako Udala; Barañaingo Udala; Baztango Udala; Berriobeitiko Udala; Berriozarko Udala; Bortzirietako Euskara Mankomunitatea; Burlatako Udala; Esteribarko Udala; Garesko Udala; Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitatea; Estella-Lizarrako Udala; Malerrekako Mankomunitatea; Sakanako Mankomunitatea; Tafallako Udala; Uharteko Udala; Zaraitzu eta Erronkariko Batzorde Nagusiak eta Zizur Nagusiko Udalaren Kultur Patronatua.

Laguntzailea:

Pamiela

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!