Nafarroak osasun-arretaren eskubidea aitortu zien egoera irregularrean zeuden 1.263 pertsonari 2015ean

Euskalerria Irratia 2016ko urtarrilaren 7a

Arg: eitb.eus

2014an baino % 58 gehiago da. Urte horretan guztira 801 pertsonari aitortu zitzaien eskubide hori.

Osasun Departamentuak 2015ean Nafarroan egoera irregularrean zeuden 1.263 pertsonari osasun-arretaren eskubidea aitortu die, abenduaren 17an bildutako datuen arabera. 2014an baino % 58 gehiago da, eta azken urte horretan guztira 801 pertsonari aitortu zitzaien eskubide hori

Nafarroako Gobernuak ohar baten bidez jkinarazi duen bezala, gure erkidegoak osasun-arreta pertsona guztiei bermatzen die, haien administrazio-egoera kontuan hartu gabe, Gobernu berriaren programa-akordioan jasotzen den moduan. 

Honekin batera, Gobernutik gogora ekarri nahi dute nola 2012an onartutako Espainiako lege-araudian izandako aldaketa batek egoera irregularrean zeuden pertsona horiek Estatuko Osasun Sistemaren estaldura integraletik kanpo uzten zituen. Aldaketa horrekin, osasun-laguntzaren eskubidea lan-kotizazioei lotzen zitzaien, eta horren ondorioz pertsona asko arretarik gabe gelditu dira. Era berean, Nafarroako Gobernuak lege horren  indargabetzearen alde egiten duela dio ohar honetan.

Egoera honen aurrean Osasun Departamentuak hartu zuen lehen neurrietako bat izan zen zirkular bat osasun-zentro guztietara bidaltzea, Nafarroan bizi diren guztiei doako osasun-laguntzarako eskubidea aitortzeko.

Osasun-zentroetara igorritako zirkularrak gogoratu du ere, ez dela inoiz fakturarik edo aurrefakturarik egingo herrialdean era egonkorrean bizitzen ari den edo bizi nahi duen paziente bati laguntza emategatik eta osasuneko estaldura-sistemarik ez dutena. Nafarroako legeak ezarritako baldintza bakarra benetan Foru Komunitatean bizi dela egiaztatzea da, eta horretarako errolda-ziurtagiria, errentamendu-kontratua, edo beste agiri ofizial batzuk eskatuko dira: adin txikikoentzako ikastetxeetan izena emanda egotea edo gizarte-langilearen txosten bat, adibidez (txosten horretan pertsona Nafarroan bizi dela adieraziko da).

Amerika eta Afrikatik bereziki etorritako migratzaileak

2013ko martxotik, Nafarroako Gobernuak osasun-laguntza bere lurraldean bizi diren 2.688 laguni eskaini die, Gobernu Zentralak sustatutako araudiagatik baztertuta geratu zirenak.

Beren jatorriari dagokionez, 2.688 pertsona horietatik, % 47 Amerikakoak dira (1.260); % 27,4 Afrikakoak (736); % 13,2 Europar Batasuneko herrialdetakoak (356); % 8,1 Europako gainerako herrialde batzuetakoak (218); % 4,2 Asiakoak (114) eta % 0,1 Ozeaniakoak (3).

Nafarroako Gobernuak 2013. urtetik Gobernu Zentralak babestutakoa baino legeria propio bermatzaileagoa du, osasun-laguntza eskubide unibertsal moduan aitortzen baitu. Doako Osasun Laguntzaren Nafarroako Foru Legeak Foru Komunitatean bizi diren guztiak aitortzen ditu, atzerritarrak eta egoera irregularrean bizi direnak barne, doako osasun-laguntzarako eskubidea gainerako herritarrekin erabateko berdintasun-baldintzetan izatea eta ez du eskatzen Nafarroan gutxienez epe jakin batez bizitzen egotea.

Gainera, Nafarroako araudiari esker, Estatuak errekurritu duena eta Konstituzio Auzitegiaren epaiaren zain dagoena, Espainiako nazionalitateko 48 pertsonak osasun-txartela eskuratu ahal izan dute (Estatuko araudiak laguntza jasotzeko eskubidea kendu egin zien).

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!