Nafarroako Ikastolen Elkarteak Jorge Cortes Izal, Jose Maria Satrustegi, Jesus Atxa eta Carlos Garaikoetxea saritu ditu

Euskalerria Irratia 2015ko abe. 17a, 20:35

Sarituen senideak, Carlos Garaikoetxea eta NIEko ordezkariak Josu Reparaz eta Pello Irujo.

“Ikastolen sorrerako garai zail eta malkartsu haietan ezinbesteko erreferente izan ziren lau lagun saritu nahi ditugu ezarritako inplikazioagatik, egindako lanagatik eta izandako ausardiarengatik.”

Nafarroako ikastolek 50 urte bete dituzte aurten eta hori ospatzeko nafar gizarte osoari zuzendutako hainbat ekitaldi antolatu ditu urte bukaera honetan.

Gaur NIEren egoitzan burututako sari emate honetan federazioko arduradunek azpimarratu dute Jorge Cortes Izal, Jose Maria Satrustegi, Jesus Atxa eta Carlos Garaikoetxeak egindako lana ikastolen alde:  “Beraiei esker iritsi baikara egun garena izatera, 15 ikastola, 6.000 ikasle, 4.200 kooperatibista eta 610 profesional hain zuzen ere. Sarituko ditugu, bihotzez eskertzen baitiegu Ikastolen eta euskararen alde Nafarroan eginiko lana eta beti egongo baikara zorretan beraiekin.”

 

Jorge Cortes Izal (Otsagabia, 1930eko apirilaren 25a - Iruñea, 2010eko urtarrilaren 12a) Euskaltzain urgazle nafarra izan zen eta komertziala lanbidez. Nafarroako XX. mendeko euskararen historiako protagonistarik handienetako bat izan da. Izan ere, hezkuntza eta hizkuntzaren zabalkuntzaren inguruan probintziako hainbat ekimenen sustatzailea izan da. Ama euskalduna izan zuen baina Cortes Izalen haurtzaroan etxeko transmisioa eteten hasita zegoen Otsagabian eta ez zuen euskara ikasi. Urteekin ekin zion hizkuntza ikasteari Asisko Urmeneta irakasle zuela, Pablo Antoñanarekin eta Jose Maria Jimeno Juriorekin batera. 1963an lehenengo euskal eskola sustatzen ahalegindu baitzen eta bi urte gerorago lehen Uxue Ikastolaren bultzatzaile nagusienetakoa izan zen. 1965-66 ikasturtean ikastolako lehen lehendakari izendatu zuten gurasoek eta Ikastola Zizur Txikiko Verbo Divino komentura eramateko negoziazioa egin zuen, Paz de Ziganda Ikastola sortuz. 1966an Principe de Viana aldizkariaren euskara sustatzeko atalaren arduradun jarri zen, Miguel Javier Urmeneta eta Amadeo Marcoren onespen eta laguntzaz. Hurrengo urteetan probintzian zehar beste ikastola batzuen sorreran parte hartu zuen. Euskalerria irratiaren sortzaileetakoa ere izan zen. 1997an irratiaren Larreko Saria eman eta 2008an Jimeno Jurio saria jaso zuen Artaxoan euskararen alde egindako lanagatik.

 

 

 

Jose Maria Satrustegi Zubeldia ( Arruazu, 1930eko azaroaren 15a - Iruñea, 2003ko martxoaren 27a). Etnografoa, idazlea, itzultzailea, euskalaria eta apaiza izan zen Satrustegi. Ehunka artikulu eta liburu idatzi zituen. 50eko hamarkadaren amaieratik euskararen alde ari zen, Diputazioak Vianako Printzea Erakundean sortua zuen Euskararen aldeko sailean. Herriz herri ibili zen, euskaraz ongi egiten zuten haurrei sariak emanez. Ondoren, Migel Javier Urmenetaren laguntzaz Nafarroan euskara indartzeko estrategian lanean hasi zen, besteak beste ikastolak bultzatuz eta aholkulari lana eginez Sakana eta Lizarrako ikastolen bultzatzaileentzat. Iruñerriko ikastolen hasieran ere aritu zen. 1963az geroztik Euskaltzainosoa izan zen eta Euskaltzaindiko idazkaria ere bai 14 urtez. Era berean, Eusko Jaurlaritzako Euskararen Aholku Batzordeko aholkularia, Nafarroako Kultura Kontseiluko kidea, Eusko Ikaskuntzako Ameriketako Institutuko urgazlea eta Eusko Ikaskuntzako Batzorde Iraunkorreko kidea izan zen. Satrustegik eginiko lanen artean aipagarria da berak hainbeste maite zuen Euskal Izendegia, garai hartan frankismoaren errepresioagatik debekaturik zeuden euskarazko pertsona-izenak zabaltzeko ezinbestekoa izan baitzen.

 

 

Jesus Atxa Agirre (Aretxabaleta, 1920ko maiatzaren 28 - 2007ko urriaren 24a). Bizkaiko eta Nafarroako ikastolen sortzailea izan zen eta dozenaren bat ipuin euskaratu eta argitaratu zituen, Jon Oñatibiarekin. Baita haurrentzako hainbat film euskarara bikoiztu ere. 1998an Euskaltzain ohorezko izendatu zuten eta 2003an Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria irabazi zuen. Hamalau urte bete arte herriko eskolan ikasi zuen eta ondoren Durangoko jesuitetara joan zen. Gero, Belgikan, Venezuelan eta Kolonbian ibili zen Filosofia eta Letrak ikasketak egiten. Pedagogia ere ikasi zuen. 1960an erabat murgildu zen euskal kultur eta ikastolen munduan. Bilbon, EDILI (Edición de Libros) erakunde euskaltzaleko zuzendari izan zen. Aretxabaletako ikastola sortu zuen, Sarasua eta Angel Gabilondorekin batera. Garai horretan, Zeruko Argia aldizkariaren arduraduna izan zen. Bestetik, Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokaren sorreran parte hartu zuen. Bizkaiko lehendabiziko ikastolen bultzatzaile sutsua izan zen Jesus Atxa (Ondarroa, Ermua, Berriz, Olakueta, Zornotza, Galdakao, Durango eta Bilbo). Gipuzkoako herri batzuetan ere lan bera egin zuen. Nafarroako ikastolen sorreran ere paper garrantzitsua izan zuen, sortzaile, bultzatzaile eta irakasle izan zen Jesus Atxa. 1970. urtean Iruñeko San Fermin ikastolako lehen zuzendari izendatu zuten eta bertan ihardun zuen 1984 arte. Ikastola askotako arduradunentzat, aholkulari eta laguntzaile paregabea izan zen, San Fermin lehena eta handiena izanik, eredua zelako. Bitarte horretan, gainera, beste herrietan sortzen ari ziren ikastolen suspertzaile izan zen: Etxarri-Aranatzen, Altsasun, Tafallan, Lizarran, Beran, Lesakan... 1977an Nafarroako Ikastolen Elkarteko sorreran parte hartu zuen. Urtebetera, Carlos Santamariaren gidaritzapean, Euskal Kontseilu Orokorrean, Hezkuntza Sailean, hartu zuen parte. 1990ean Nafarroako Ikastolen Historiarako Artxiboetako arduradun aukeratu zuten, Ikastolen Elkartearen babesean. Nafarroako Ikastolen Elkarteko bere bulegoan agiriak eta agiriak bilduz ibili zen eta nahiz eta Nafarroako ikastolen historian arreta berezia jartzen zuen, Euskal Herri osoko ikastoletako dokumentazioa ere jasotzen zuen. Nafarroako hainbat ikastolen 25. urteurreneko liburuak idatzi zituen, horien artean, San Fermin, Jaso, Tafalla, Altsasu, Etxarri, Elizondo, Bera, Lesaka eta Lizarra Ikastolenak.

 

 

Carlos Garaikoetxea Urriza (Iruñea, 1938ko ekainaren 2a) abokatu eta politikaria da. Zuzenbide eta ekonomiako ikasketak egin zituen Deustuko unibertsitatean, eta zuzendari karguak izan zituen Nafarroako zenbait enpresetan. 1975ean Eusko Alderdi Jeltzaleko kide egin zen eta 1977an alderdi horretako buru nagusi izendatu zuten, Euskadi Buru Batzarreko lehendakari hain zuzen. 1978an Euskadiko Autonomia Estatutua moldatu zuen batzordeko kide izendatu zuten eta Nafarroako parlamentuko kide aukeratu zuten 1979ko apirileko hauteskundeetan. Urte bereko uztailean aritu zen, Espainiako gobernuburu zen Adolfo Suárezekin, estatutuaren aldeko negoziazioetan. 1980 eta 1984ko legegintzaldietan Euskal Autonomia Erkidegoko Lehendakari hautatua izan ondoren, 1986an EAJ alderdia utzi eta Eusko Alkartasuna sortu zuen. 1987tik 1999ra arte, EAko lehendakari izan zen. Vianako Printzea erakundeko euskararen aldeko saileko kide izanik, ikastolak Nafarroa osora zabaltzeko lanetan hasi zen 60.hamarkadan. Nekaezina bera, herriz herri ibili zen eta lan handia egin zuen hasierako ikastolen baldintza kaskarrak gainditzen hasteko, batez ere Diputazioan zituen kontaktuak erabiliz. San Fermin Ikastolako bigarren lehendakaria izan zen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!