Zer moduz daramazu Uxue Barkosen ordezko izatea?
Lasai, esango nuke. Egin behar dudana egiten ari naiz. Herri guztietara joan naiz. Hamaika kilo txistor jan dut, orain ere. Maiatzeko hauteskundeak amaitu zirenean, Uxuek [Barkosek] esan zidan: “Datozen hiru urteotan ez dugu txistorrik jan beharko”. Berak ez dakit, baina nik berriro txistor pilo bat jan behar izan dut. Baina gustura. Badakizu zer den kanpaina.
Baluarten, Geroa Bairen kanpainako ekitaldi nagusian, Barkosek lekuko gorri bat eman zizun. Txistorraz egindakoa al zen?
Ez zen txistorraz egindakoa, baizik eta zurez, eta Nafarroako kateak ere bazituen. Baina izan zitekeen txistorrezkoa, kilo mordoa jan baikenuen biok. Orain niri tokatu zait. Halere, kolesterola bere mailan dut.
“Geroa Bairekin inkesta gehienak oso gaizki portatu dira. 2011n, Uxuek diputatu postua lortu zuenean, ez ziguten ematen eta lortu genuen”
Lekukoa Madrilera iritsiko al da? Inkestek zalantzan jartzen dute…
Geroa Bairekin inkesta gehienak oso gaizki portatu dira. 2011n, Uxuek diputatu postua lortu zuenean, ez ziguten ematen eta lortu genuen. Maiatzean, bost parlamentari lortuko genituela esaten ziguten, eta bederatzi gara. Egiazko inkesta abenduaren 20koa da, eta iritsiko da. Ordura arte lasai nago, lanean, eta lasai.
Lanean ari zara kanpainan, eta Nafarroako Parlamentuan Geroa Baiko eledun moduan, legebiltzarrak ez baitu jarduera eten. Estresik?
Ez nago batere estresaturik. Lanpeturik bai, baina ez estresaturik. Batzorde batzuetara joan naiz, baina beste batzuetara ez. Bederatzi garenez, badira ordezko egokiak. Batzar orokorretara bai joaten naiz, eta bozkatu beharrekoa bozkatzen dut. Banekien egun hauek halakoak izango zirela, talde parlamentarioan ere bazekiten, eta animoso gabiltza, nire postua Madrilen lortzeko.
Eskuin politiko eta mediatikoa ere kanpaina eta parlamentua lotzen ari da, igandeko bozketak foru hauteskundeen bigarren bira balira bezala aurkeztuz. Zer iruditzen?
Planteamendu tristea iruditzen zait. Azken finean UPN ari da hauteskunde hauek planteatzen foru hauteskundeen bigarren bira balira bezala, eta ez da hala. Gobernu trinko bat dugu, eta gobernatzen ari da eta hori da egin behar duena. Gertatzen dena da UPNk ez duela programarik eskaintzen…
"UPNk PPrekin akordioa sinatu zuen, PPk bere programa atera baino lehen (…) Nahiko kuriosoa da, Nafarroako autogobernua defendatzen duela dioen alderdi batentzat”
PPrekin koalizioan doa, eta PPk badu bere programa.
Bai, baina begira, hor badago gauza kurioso bat: UPNk PPrekin akordioa sinatu zuen, PPk bere programa atera baino lehen. Eta hori adierazgarria da, indar politiko guztiok geure programa dugulako, eta horri eusten diogulako, eta hori defendatzen dugulako. Baina UPNri ez zitzaion batere inporta izan PPk programa oraindik kaleratu ez izana, eta baldintza horietan sinatzea koalizioa. Nahiko kuriosoa da, Nafarroako autogobernua defendatzen duela dioen alderdi batentzat.
Aldaketaren gobernuarentzat eta aldaketaren indarrentzat, zer dago jokoan igandean?
Geroa Bairentzat igandean batez ere gure autogobernua dago jokoan. Kanpaina hasi zenetik, halako lasaitasun bat ikusi dut jendearen artean: maiatzean gobernu aldaketa lortu genuen, eta neurri batean jendea lasai dago. Eta ni kezkaturik nago, hainbat alderditako buruzagien adierazpenak entzunda, argi eta garbi dagoelako gure autogobernua arriskuan dagoela. Eta hori aldarrikatzen ibili gara kanpaina honetan. Hori argi eta garbi utzi nahi dugu kanpaina honetan. Hori da gure kezka nagusia. Gu Madrilera goaz geure autogobernua defendatzeko, eta autogobernuaren bidez politika sozialak egiteko, autogobernua baita hori egiteko dugun tresnarik eraginkorrena eta demokratikoena.
Zergatik diozu autogobernua kolokan dagoela?
Hasteko, alderdi sozialista hartzen baduzu, Valentziako lider Ximo Puig, eta Andaluziako lider Susana Diaz, eta horiek guztiak, Nafarroako autogobernuaren kontra eta hitzarmenaren kontra azaldu dira. Ciudadanoseko Albert Riverak esandakoak hor daude. Eta PPk Nafarroako Parlamentutik ateratako 16 legeren aurkako helegiteak aurkeztu ditu. Beraz, arriskuan dago.
“Nafarroa defendatu behar da arerioak dituen eta irainak pairatzen dituen leku guztietan. Diputatuen Kongresua horietako bat izango da”
Eta Madrilen diputatu bakarra izanda defenda al daiteke autogobernua?
Bai, noski. Nafarroa defendatu behar da arerioak dituen eta irainak pairatzen dituen leku guztietan. Diputatuen Kongresua horietako bat izango da, eta gainera garrantzi handikoa. UPNk PPrekin koalizioa egin duenean esan du konpromiso bakarra duela: Rajoyri botoa ematea Espainiako presidente izan dadin. Baina gertatzen dena da Rajoyk UPNren botoa ez ezik Ciudadanosena ere beharko duela presidente izateko, eta Ciudadanosek, noski, UPNk baino diputatu gehiago izango ditu. Orduan, CIudadanosek zer eskatuko dio Rajoyri bere botoen truke? Bada agian geure autogobernua. Eta gu han bagara, eta izango gara dudarik gabe, hori gogor salatuko dugu. Batzuetan bakar batek askok bezain lan handia egin dezake. Ni Madrilera noa asmo horrekin: nafarron ahots potentea eta indartsua izateko grinaz eta pasioz.
Senatuan, aldaketaren aldeko indarrek ahots bakarra izanen dute, hautagaitza bakarra osatu baitute. Diputatuen kongresuan, ez. Zergatik?
Guk Geroa Bain argi genuen Senatura elkarrekin joan behar genuela gobernua sostengatzen dugun lau indarrok. Zergatik? Lege elektoralaren ondorioz, lehen indarrak hiru senatari lortzen dituelako; eta bigarrenak, bat. Hori legearen ondorio argi eta garbia da.
Jakin badakigu politikan bi gehi bi ez direla inoiz lau. Gehienetan, 3,9 edo 3,6 izaten dira…
“Nafar gizarteari eskaini behar zaio Nafarroan dagoen pluraltasun ideologikoa"
Baina Kongresurako hauteskundeetan gauzak horren parekatuta izanda, akaso etekin hobea lortuko zenuten.
Baliteke. Baina Kongresuan hasieratik argi eta garbi genuen bakarrik joan nahi genuela. Zergatik? Lehen esan dudan bezala, politikan bi gehi bi ez direlako sekula lau izaten, eta bestalde elkarrekin joatea Nafarroako gizarteari nolabaiteko tranpa egitea izan zitekeelako.
Guk uste dugu nafar gizarteari eskaini behar zaiola Nafarroan dagoen pluraltasun ideologikoa. Une honetan gobernua sostengatzen dugun lau taldeak elkartu gara, eta akordio programatikoa sinatu dugu. Baina lau talde horiek oso ezberdinak gara, eta gure ustez eskaintza hori hala egin behar zaio gizarteari. Hemen gaude lau indarrak, bakoitza bere jarrera ideologikoekin, helburu politikoekin, epe laburrera, epe luzera, eta abar. Hori da egin dezakegun eskaintzarik demokratikoena. Zuk erabaki ezazu nork joan behar duen Madrilera.
Baina horrekin batera guk oso argi dugu gero Kongresuan hemen lortu dugun akordioaren antzeko bat lortu nahi dugula. Espero dut beste indarrek ere hala egitea.
Guk hasieratik esan genuen Kongresura bakarrik joan behar genuela. Beste batzuk hor ibili ziren zalantzan, jendea zorabiatzen, goizean baietz esanez, eta arratsaldean ezetz. Nik uste dut joko pixka bat izan dela. Eta guk argi esan genuen Kongresura ez eta Senatura bai. Geroa Bai barruan esan nuenean Senaturako batasuna lortu behar genuela, esan zidaten: baina nola proposatuko duzu hori Kongresura batera joateari ezetz esan eta gero? Hasi nintzen bilerak bultzatzen. Eta ez zen erraza izan. Hori ere argi eta garbi esan behar da. Ez zen erraza izan alderdien arteko mesfidantzak zirela eta. Baina lortu dugu, eta oso pozik gaude Cambio-Aldaketa hautagaitza horrekin.
“Nafarroan lortu dugun aldaketaren aldeko zerbait bultzatu nahi dugu Madrilen”
Akordioak lotzeari dagokionez, Geroa Baik, Madrilen, non ditu marra gorriak?
Gure marra gorria autogobernua da. Guk Madrilen Nafarroa defendatuko dugu, nafarron autogobernua. Eta hori esanda, gu Madrilera goaz, beti joan garen bezala, gehitzera. Konstituzioaren aldaketa bat proposatzen bada, eta hori ez dago horren erraz, guk gehituko diogu gure botoa aldaketa horri, baldin eta bilatzen baditu justizia soziala, askatasunak, ustelkeriaren aurkako neurriak…
Baina gobernu eraketari dagokionez, non da muga? Adibide bat: PSOEk, Ciudadanosek eta Podemosek hirukoa osatzen badute, zer?
Adosten duten programa bat badator Nafarroaren autogobernua mantentzeko ideiarekin, guretzat oso aurrerapauso garrantzitsua litzateke gure botoa lortzeko. Nafarroan lortu dugun aldaketaren aldeko zerbait bultzatu nahi dugu Madrilen. Hirukote horrek halako zerbait bultzatuko balu, bat egin genezake. Jakina, programa Nafarroan adostu dugun akordio programatikoaren kontra joanen balitz, ez geundeke ados.
Konstituzioaren erreforma aipatu duzu. Zein da zuen gutxienekoa, minimoa autogobernuari dagokionez?
Laugarren xedapen iragankorra izen horrekin mantentzen den ala ez ez zaigu inporta. Baina mamia bai. Nafarrok egun daukagun erabakitzeko eskubide hori mantendu behar da Konstituzio berrian. Ez dugu inoiz onartuko guri dagokigun eskubide bat kentzea. Esaten digute: Konstituzioa onartu zenetik 37 urte pasa dira eta ez duzue erabili. Zertarako nahi duzue? Bada mantendu nahi dugu guri dagokigun eskubide bat delako.
Espainiako politikari dagokionez, zer dago jokoan Espainian? Bipartidismoaren amaieraz mintzo dira. Nola dakusazu?
Oker dabiltza. Bipartidismoa ez da amaitu Espainian. Neurri handi batean, neo-bipartidismo baten aurrean gaude. PSOE hor dago, eta PSOEko ahots berriak Podemosen egon daitezke. Eta PPrekin eta Ciudadanosekin, gauza bera. Lagun batek dio Ciudadanos PPko gazte eskuindarren ahotsa dela.
Hori horrela, zer sasoitan dakusazu 78ko erregimena?
Erregimena hor dago: 78an Konstituzio bat onartu zen Estatuan, orduko gizartearen desioen eta baloreen arabera. 37 urte geroago desioak, beharraj eta baloreak aldatu dira, eta ez legoke gaizki Konstituzioa aldatzea horietara egokitzeko. Aldaketa gertatzen bada, espero dut zentzu aurrerakoiago batean izatea. Baina ikusiko dugu. Abenduaren 20an, jendeak du hitza.
Ikusi al zenuen Rajoyren eta Sanchezen arteko eztabaida?
Mitin batetik nentorren. Etxera heldu eta telebista aurrean jarri nintzen. Lehen hamar minutuak ikusi nituen, eta ez nintzen esnatu euren arteko sarraski, bronka horretara arte. Pena ematen dit. Horrelako eztabaida batean proposamenak egin behar dira, eta bestearen akatsak nabarmendu. Baina oso eztabaida zakarra izan zen. Eta horren ondorio nagusia desafekzioa da. Jendeak hori ikusita pentsa dezake politikariak halakoak badira, ez duela merezi politikan sartzea. Desadostasunean ere dotorea izan behar duzu, eta hor ez nuen batere dotoreziarik ikusi.