Etorkinek ere botoa emateko eskubidea izan dezaten eskatu dute

Euskalerria Irratia 2015eko abenduaren 16a

Eskubideak eta paperak denontzat plataformako kideke protesta egin dute.

Igandean, Nafarroan bizi, lan egin eta zergak ordaintzen dituzten 45.000 herritar botoa eman gabe geldituko dira.

Ez dute eskubide hori ziurtatua. Etorkinak izategatik, hauteskunde orokorretan ez dute aukerarik izanen botoa emateko. Bozkatzeko aukerarik ez, ezta hautagai gisara aurkezteko ere. Nafarroako herritarrak dira, baina ez dute nazionalitatea. Horrek ekiditen die boto eskubidea gauzatzea. Jatorria da arrazoia. Hala esan dute Paperak eta eskubideak denontzat plataformako kideek.

Nafarroako hauteskunde batzordearen aurrean salatu dute egoera hori. Oinarrizko eskubide bat urratzen zaiela ohartarazi dute eta hauteskunde-erroldatik baztertu dituztela.

Iñaki Redinek azaldu du arazoa larriagoa izaten dela hauteskunde orokorretan.  Erkidegokoak eta udaletakoak direnean, etorkinaren herrialdearen arabera botoa emateko aukera izan dezake: herrialde batek Espainiarekin duen elkarrekikotasunaren araberakoa da. Harreman hori izanda, foru hauteskundeetan eta udaletarako hauteskundeetan eman dezakete botoa. Hautagai hori bai, ezin dira izan.

Nazionalitatearen kontzeptua aldatu behar dela uste dute, ezinbestekoa da eskubide politiko guztiak onartuak izateko. Eskubide guztiak eman behar zaizkio herri batean bizi diren pertsona guztiei.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!