Joseba Ezeolaza: “Gu gara ezker koherentea”

Euskalerria Irratia 2015ko abe. 15a, 13:20

Abenduaren 20ko hauteskundeen aurreko elkarrizketa sortaren barruan, gaur, Unidad Popular-Orain Batera hautagaitzako Ioseba Eceolaza, Kongresurako zerrendan laugarrena izan dugu.

Nork osatzen duzue Unidad Popular-Orain Batera hautagaitza?

Ezker Batua, Batzarre eta herri mugimenduetan ibilitako hainbat independente elkartzen dira gure hautagaitzan. Begoña Alfaro zerrendaburua etxe kaleratzeen kontrako ekintzailea da.

Hautagaitza zabalagoa egiteko saiakera egon da. Zergatik ez da akordiorik egon, ez Nafarroan ezta Espainian ere? 

Podemos alderdiari proposamen zuzena egin genion elkarrekin joateko. Ez zuten onartu. Alberto Garzonek berak esan du Pablo Iglesiasek bat egiteaz baino fitxajeez hitz egiten zuela. Politikagintzan serioago jokatu behar da. Testuinguruak aprobetxatu. Madrilgo erabakiaren eraginez Nafarroan ere ez zen posible izan Podemos alderdiarekin bat egitea. Nolanahi ere, errepublikazale zaharrek erakutsi ziguten borroka garrantzitsuak luzerako direla. Helmuga ez da igande honetakoa. Abenduaren 21etik aurrera guztien arteko lana beharrezkoa izanen da.

Igandean izanen dira hauteskundeak eta inkestek diote ez duzuela lortuko eserlekurik Madrilen. Sinesten dituzue datu horiek?

Inkestek tendentziak azpimarratzen dituzte. Gu talde txikia eta xumea gara. Hala ere, gure aldeko botoak eraginkorrak dira. Boto bakoitza laguntza handia da %5eko langa gainditzeko. Horren ondorioz, Madrilgo Kongresuan talde parlamentarioa izateko aukera legoke.

Nafarroatik begiratuta, aldaketaren aldeko indarrek eutsiko diezue maiatzeko hauteskundeetako emaitzei?

Senaturako aurkeztu dugun zerrenda bateratuak emanen digu horren berri. Kongresurako emaitzek ez dute hori neurtzeko balio. Guk nahiko genuke ezkertiarron emaitzak onak izatea, modu horretan Nafarroako Gobernua ezkerrera ekartzeko.

Nafarroako Konbenioa solasgai nagusien artean kanpaina honetan. Erkidego guztiak berdin izan beharko luketela diote zenbait alderdi espainiarrek. Zer iritzi duzu?

Konbenioa erabili behar dugu herritarren bizi kalitatea hobetzeko. Dena den ez nator bat gure eskubideen aldarrikapen esenzialistekin. Historizismoak politikari kalte egiten dio. Tresna hori bizirik mantendu behar dugu gizartearen mesedetan.

Eskuineko alderdiek, beste behin, Laugarren Xedapen Iragankorra kendu nahiko luketela adierazi dute.

Xedapen horren alde nago. Nafarroa anitza da. Aitortzen dut herritar askok EAErekin bat egin nahi dutela. Aterabide demokratiko bat da xedapen hori. Ni ez naiz abertzalea. Gizarte konplexu batean bizi gara. Ñabardurak atsegin ditugu. Dena ez da beltza edo zuria.

Espainiara begira jarriko gara. Lau alderdiren arteko lehia aurkezten digute. Lau buruzagi irudietan. Zergatik ez da agertzen Unidad Popular hautagaitza eta bere buruzagia?

Nahita baztertu gaituzte. Elite politiko, ekonomiko eta mediatikoek hartutako erabakia da. Sobran gaude haientzat. Ez dugu ahazten NATOren eta gerraren kontra gaudela, ez ditugu ekologiaren aldeko eta langileen aldeko aldarrikapenak ahazten. Horregatik, besteak beste, baztertzen gaituzte.

Zeintzuk dira zuen proposamen nagusiak hauteskunde hauetan?

Larrialdi sozialarekin amaitu beharra dago. Etxe kaleratze gehien eta etxe huts gehien duen herrialdea da Espainia. Egoera horiek zuzendu behar dira. Krisiak erakutsi du aberatsek gehiago dutela eta pobreak pobreago direla. Muturreko pobreziak gora egin du Nafarroan banketxeak erreskatatzen ziren bitartean. Horrekin ere amaitu beharra dago. Proposamen zehatzak ere egiten ditugu: milioi bat lanpostu sortzeko plangintza dugu. 9000 milioi euroko aurrekontua du horrek. Utopikoak garela esaten digute. Egingarria dela diogu. Bankuei 50000 milioi eman zaizkie erreskatatzeko.

Espainiako 1978ko konstituzioa aldatzeko iritzia oso zabalduta dago. Zure ustez, Estatuan erreforma hori balia lezakete birzentralizazioa indartzeko eta eskuduntzak gutxitzeko erkidegoei?

Argi eta garbi dago. Hamasei helegite aurkeztu dizkio Estatuak Nafarroari. Eskubide sozialak babesten dituzten legeak dira horietako zenbait. Etxe kaleratzeak ekiditekoa, etorkinei osasun unibertsala bermatzeko legea ere. Poliziaren indarkeriaren biktimen aldekoa, eta gehiago ere. Herritarren eskubideei eta bizitza kalitateari eraso egiten diote.

Labur, zein dira zuei botoa emateko arrazoiak?

Merezi du ezker koherentearen alde egitea, fribolizaziorik gabe. Errepublikazaleen botoa da gurea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!