BDZ mugimenduko Europako, Latinoamerikako eta Hegoafrikako koordinatzaileak izan dira legebiltzarrean, hurrenez hurren, Riya Hassan palestinarra, Pedro Ferreracio brasildarra eta Muhammed Desai hegoafrikarra. Haiekin batera, Najwan Berekdar ekonomista israeldarrak parte hartu du bileran, baita ekintzaileok Euskal Herrira gonbidatu dituen Mundubat fundazioko Txema Gonzalezek eta Jaxinto Gomezek ere.
Azaldu dutenez, “BDZ mugimendua ez da juduen edo Israelgo herritarren aurkako ekimen bat, baizik eta Israelgo Estatuaren kontrakoa”. Horregatik parte hartzen dute kanpainan Najwan Berekdar bezalako giza eskubideen aldeko ekintzaile israeldarrek.
BDZ ekimena 2005ean jarri zuen abian Palestinako gizarte zibilak, erreferentziatzat hartuz bere garaian Hegoafrikako apartheidaren aurka erabilitako molde bereko dinamika. Ordutik, mundu osoko hainbat gizabanakok, taldek eta erakundek egin dute bat harekin.
BDZko ekintzaileon arabera, “ideologia sionistak Palestinako herria azpiratuta dauka, bere lurraldean preso, ura, lurra edo etorkizun propioa gozatzeko aukerarik gabe, eta nazioarteko kanpaina honen helburua ideologia hori eraistea da”.