A20: autogobernua eta justizia soziala jokoan

Euskalerria Irratia 2015ko abe. 9a, 14:25

HAUTESKUNDE ETZABAIDA | Abenduaren 20ko hauteskundeetara begira, EH Bilduko Sabino Cuadra, Geroa Baiko Koldo Martinez, Unidad Popular-Orain Baterako Joseba Ezeolaza eta Podemos-Ahal Duguko Eduardo Santos elkartu ditu Euskalerria Irratiak.

Egiazki gaur hasi da hauteskunde kanpaina Nafarroan, foru akueduktu luzeak iraun duen bitartean, alderdiek motorrak ralentian eduki dituzte eta. Eta hain justu gaur egin du hauteskunde eztabaida Euskalerria Irratiak, hautagai euskaldunak dituzten lau hautagaitzekin. Solasaldia irratiz zein bideo streaming bidez zabaldu dugu zuzenean, gure webgunean.

Lau hautagaiok bat etorri dira abenduaren 20an Nafarroaren autogobernua eta justizia soziala jokoan izanen direla nabarmentzeko tenorean.

Zer dago jokoan Nafarroan?

Sabino Cuadra: Hasieratik gure planteamendua izan da lortu genuen aldaketari bultzada handi bat ematea hauteskunde hauetan. Foru Gobernua osatzeko aldaketa sozial eta politikoaren aldeko programa adostu genuen. Eta hauteskunde hauetan bide horretan sakondu nahi genuen. Horregatik proposatu genuen Kongresurako eta Senaturako hautagaitza bateratua egitea. Batean lortu dugu. Bestean, ez.

Koldo Martinez: Uxue Barkosen gobernuak nafarrek emandako zilegitasuna du jadanik. UPNtik hauteskunde hauek planteatzen ari dira foru hauteskundeen bigarren bira balira bezala, eta hori ez da egia. Baina aldaketaren konfirmazioa bai izan daiteke, eta horregatik guretzako garrantzitsua da. Hautagaitza bateratuei dagokienez, bat gehi bat politikan ez da beti bi. Nahiago izan dugu aniztasuna. Senatuko sistema bestelakoa da. Boto gehien lortzen dituena hiru senatari lortzen ditu, eta bigarrenak bat.

Joseba Ezeolaza: Gure ustez Senaturako hautagaitza oso eredu interesgarria da, gobernu akordioaz eta gobernu ardura konpartituez haratago orain hauteskunde esperientzia komuna izanen dugulako. Gainera, Senaturako hautaketa sistema bereziak horretara bultzatzen du. Baina hauteskundeetarako eremuak ezberdinak dira Kongresuan eta Senatuan. Eta ongi dago batean eta bestean modu ezberdinean jokatzea.

Eduardo Santos: Guretzako aldaketa konstituzionala da garrantzitsuena. Eta Kongresurako argi dago ateratzen direnek horren alde eginen dutela. Baina Senatuan gertatzen zena zen hautagaitza adosten ez bagenuen eskuinak hiru eserleku lortuko zituela. Eta indar gutxiago izanen genuela Senatua lurralde ganbera bihurtzeko, eta aldaketa konstituzionala lortzeko. Eta gainera ongi dator aldaketaren aurpegia ematea kanpora begira, orain arte UPNk nahi izan duen irudia eman baitu.

Zer dago jokoan Espainian?

Santos: Batez ere jendearen duintasuna dago jokoan. Austerizidioaren politikak bertan behera uztea, beste politikak egitea, jendea erreskatatzea, Nafarroan egin dugun bezala. Bestalde, 78ko Konstituzioa gainbeheran joan da. Hitzen eta errealitatearen artean alde ikaragarria dago. Aldatu behar da. Eta aldaketa hori posible da.

Cuadra: Neurri handi batean Madrilen aldaketa ez dugu posible ikusten. Erabateko kontra-erreforma atzerakoia bizi izan dugu esparru guztietan: sozialean, ekonomikoan, nazionalean, hezkuntzan, osasungintzan. Eta datorkiguna neurri batean bide berberetik datorkigu. CEOEk eta OCDEk batera eskatu dute lan erreforman sakondu egin behar dela. Horri aurre egiteko periferiatik fronteak antolatu behar dira. Erregimena krisian dago, baina Konstituzioa apurtu behar dugu, ez erreformatu.

Martinez: Geroa Bain argi daukagu Madrilera gehitzera goazela, laguntza ematera PPk UPNren laguntzaz egindako murrizketa guztiei buelta eman nahi dietenei, justizia soziala bidea eman nahi dietenei. Gu ez goaz gobernatzera, baina bai aldaketaren alde egitera. Eta bide horretan egiten den Konstituzioaren erreformaren alde eginen dugu, betiere Nafarroaren autogobernua errespetatzen badu”.

Ezeolaza: Protesta ziklo bat bizi izan dugu, eta ziklo horretatik demokraziaren erregenerazioa etorri behar da. Hori da gizartearen zati garrantzitsu baten aldarria. Kalea eta erakundeak lotu nahi ditugu. Eta zeregin horretan, kalea eta erakundeak lotzen, Orain Baterakook esperientzia handi daukagu. Jokoan daude eskubide sozialak. Ezin da normaltzat jo bankuak erreskatatzea eta pertsonak baztertzea. Sentiberatasunik gabeko eredu hori eta eskubide sozialen eredu talka egiten ari dira. Eta guk argi dugu noren alde gaude.

Zer gertatuko da Nafarroaren eta Espainiaren arteko harremanekin?

Ezeolaza: PPko Gobernuak Nafarroako legeen aurkako 16 helegite aurkeztu ditu. Poliziaren biktimen edo kaleratzeen aurkako legearen kontra errekurtsoak egin ditu. Autogobernuan sakondu behar dugu, eskubide sozialak defendatu ahal izateko. Bestalde, Nafarroako gizartea konplexua da, identitarioki anitza, eta halako gizarte batean independentistek eskatzen dituzten irtenbide aldebakarrekoak ez dira egokiak. Rajoyren burugogorkeria ere ez. Horregatik egiten dugu eredu federalaren alde.

Cuadra: PPko Gobernua errekurtsoak aurkezten, eta bere fotokopia den Auzitegi Konstituzionala laguntza ematen, 16 lege foralen aurka. Estatuko errekorra da. Ez dira errepublikaren edo Nafarroaren independentziaren aldeko legeak. Garrantzitsuak dira, eguneroko kontuak: etorkinentzako osasun laguntzak, fraking-a… Izugarrizko inposizioa da. Aurrekontuen egonkortasun legea ahantzi gabe. Udalak lotu dituzte. Berdin Berriozarko Udala eta ustelkeriaz josita dagoen Leganeskoa. Joko tranpatia da. Eta guk aldarrikatzen dugu Nafarroak erabaki behar duela.

Santos: Ni historiazalea naiz, baina ez historizista. Orain daukaguna historiak utzi diguna da, eta subiranotasun gutxi da hori. Hitzarmen Ekonomikoa eta nafar kontzientzia bat, autogobernurako. Historia ez da gakoa, baizik eta demokrazia. Nahi duguna eraiki dezakegu, demokratikoki. Ez gaitu lotzen historiak edo identitateak. Gakoa erabakitzeko eskubidea da. Eta Konstituzio berrian hori egotea nahi dugu. Erabakitzerik egotea Espainian jarraitu ala ez. Bitartean, autogobernuan sakontzea garrantzitsua da, bestela eskubide sozialak galtzen ditugulako.

Martinez: PPren eta PSOEren barruan gure autogobernuaren aurkako hainbat ahots entzuten dira. Horrek kezkatzen gaitu. Are gehiago ikusita UPN PPren eskutik doala hauteskunde hauetan, eta gobernatu ahal izateko Ciudadanosen sostengua beharko dutela. Gure autogobernua inoiz baino arrisku handiagoan dago. Oso hauteskunde garrantzitsuak dira, argi utzi behar dugulako Nafarroa subjektu politikoa dela eta bere etorkizunaren jabe dela. Ez dakit Konstituzioa hautsi behar den. Adostasunaren aldekoak gara. Baina Konstituzioa aldatzearen alde egonen gara, justizia sozialaren bidean eta autogobernua onartzen segitzen badu.

Zergatik eman behar zaizue botoa?

Cuadra: EH Bilduri bozka emanez, bi gauzaren aldeko bozka ematen duzu. Hemen Nafarroan kalean ikusi dugunaren aldekoa, hainbat eta hainbat mugidaren aldekoa. Eta han, nik neuk, Kongresuan egindako lanaren aldekoa. Segurantza Sozialaren, Pentsioen batzordean eta beste zenbaitetan parte hartu dut, eta beti nafarron, langileon, emakumeen interesak defendatu ditut.

Martinez: Nik botoa eskatzen dut Geroa Bai delako erabakiak Nafarroan hartzen dituen indar bakarra delako. Nafarroa kontuan hartuko duelako. Nafarroaren autogobernua defendatuko duen bakarra izanen delako. Eta defentsa horretan justizia soziala bilatuko duelako, eta Madrilen Nafarroan eman den aldaketaren antzeko bat bilatuko duelako.

Eceolaza: Gehiengoaren bizi kalitatea hobetzeko garaian gaude. Murrizketa sozialei buelta eman behar diegu, eta horretarako ezker soziala indartu behar dugu. Ez dago bakarrik jokoan aldaketa, aldaketa ezkertiarra dago jokoan. Bestalde, ideiek garrantzi handiagoa izan behar dute marketinak baino. Ezkerrak idei sendoak eta indartsuak behar ditu.

Santos: Gu kaleetan jaio ginen, eta gu kaletik ateratako jendea gara. Ezinezkoa zena gauzatu egin dugu: antolatzea eta eredu politiko berri bat gauzatzea. Kaleko jendea ezinbestekoa izan da Nafarroan aldaketa gauzatzeko. Eta orain tokatzen da Estatuan aldaketa hori egitea. Eta ezinbestekoak izanen gara hori gauzatzeko, PP gobernutik kentzeko, beste politika sozial bat egiteko, eta jendearen duintasuna berreskuratzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!