Jimeno Jurio, historialari handi bezain apala

Euskalerria Irratia 2015ko abe. 4a, 10:46

Jose Maria Jimeno Jurio historialari eta etnografoari emane zioten Nafarroako Urrezko Domina abenduaren 3an, Nafarroaren Egunarekin. Bere lanaren garrantzia nabarmendu dute Jose Mari Esparzak eta Emilio Majuelok Euskalerria Irratiko mikrofonoen (eta kameren) aitzinean.

Zendu ondoren iritsi zaio foru Gobernuaren aitorpena Jose Maria Jimeno Juriori (Artaxoa 1927 – Iruñea 2002). Bizirik zela, hainbatetan proposatu zuten bere izena Nafarroako Urrezko Domina zein Principe de Viana saria jasotzeko, baina agintari erregionalistek beste horrenbestetan bota zuten atzera haren hautagaitza.

Lan eskerga egin zuen Nafarroako kultura, ohiturak eta toponimia biltzen. Artaxoako semea gertutik ezagutzeko aukera izan zuten bi adiskide bildu ditugu Euskalerria Irratian: Jose Mari Esparza editore tafallarra eta Emilio Majuelo unibertsitate irakasle eta historialari tuterarra. 

Sariaren berri ematerakoan, Nafarroako Gobernuak azpimarratu nahi izan du Jimeno Jurio intelektual ezohikoa eta errepikaezina izan zela. Nola gogoratzen duzue?

Jose Mari Esparza: Nik nabarmenduko nuke oso gizon umila eta hurbila zela. Erraz egiten zituen lagunak.

Emilio Majuelo: Nik bere goxotasuna aipatuko nuke. Pertsona hunkigarria zen. Garaiko gizon bat zen baina oso ausarta eta irekia.

Nola aztertzen duzue Jimeno Jurioren ibilbidea?

EM: Historia garaikideaz inork idazten ez zuenean berak aurrera egin zuen. Giro akademikotik at ibili zen ikerketa egiten eta bide berriak zabaldu eta arakatu zituen. Asko zor diogu. Bertatik bertara egiten zuen lan.

JME: Nire ustez, Jimeno Juriok hiru etapa izan zituen. Batetik, erakunde ofizialetan hasi zen lanean, besteak beste, Principe de Viana aldizkarian eta Del Burgok berak zuzentzen zuen Cuadernos de Cultura Popular argitalpenean. Garai hartan, ohiturak, folklorea, geografia, elizak eta bestelakoak aztertzen zituen.

Aurrera jarraituz, Franco hil ondoren politikaz idazten hasi zen. Nafarroaren autonomian eta nortasun askotarikoan sakondu zuen. Hor aldatu zen bere pentsamoldea. Errekete familia batean hazitakoa. Frankismoko eskoletan ikasitakoa. Sarritan aitortzen zuen historia ikertuz aldatu zuela errealitateaz zuen iritzia.

Bere azken garaian, euskarak eta euskal kulturak erakarrita toponimiaren alorrean aritu zen buru-belarri.

EM: Diktadurako garaietan, hainbat gai jorratu zituen. Urteak aurrera egin ahala, horren kontrakoa idatzi zuen. Jimeno Jurio ikerketaren bidez jabetu zen Nafarroaren euskal izaeraz. Traidoretzat jo zuten Nafarroa ofizialetik. Trantsizioaren urteak ziren. Gizartean mugimendu handiak zeuden: elizaren barruan, lan munduan…. Aldaketa horiekin bat egin zuen. Une horretan ekin zion Gerra Zibila eta errepresioa  ikertzeari. Ausarta izan zen. Beste inork ez zuen horrelakorik egin. Mehatxuak jaso zituen horregatik.

JME: Jimeno Juriok Artaxoan bertan egin zuen toponimiaz lehenengo lana. Orduan ohartu zen euskara zenbateraino zegoen bizi bizirik bere herrian. Modu horretan hasi zen kezkatzen hizkuntzaz.

Sarritan esaten da oso modu berezian egiten zuela lan Artaxoako historialariak. Zuek gertutik ezagutu zenuten. Nola egiten zituen ikerketak?

JME: Bakarrik aritzen zen harat-honat baina ziztu bizian aurkitzen zituen herrietan toponimiaz, kulturaz, folkloreaz, ohiturez eta gertaera historikoez gehien zekiten pertsonak: basozainak, apaizak, zaharrak…. Laguntzaile sareak osatzen zituen. Beti zegoen arrasto eta datu berrien bila. Pasadizo bat kontatuko dut. Tafallan, Murugain izeneko lur eremu bat aurkitu zuen Jimeno Juriok. Izenarengatik, inguruan aztarnategiren bat izanen zela esan zidan. Handik gutxira aurkitu zuen. Horrelakoa zen Jose Mari. Gero ere gaitasun berezia zuen liburuetan adierazteko bere ikerketen emaitzak. Oso modu pedagogikoan idazten zuen. Azkar. Arin. Bere modura literatura egiten zuen. Hitz egiten ere maisua zen.

Jimeno Jurio Vianako Printzea eta Urrezko Dominaren saria jasotzeko hautagaien artean izan da zenbaitetan. Zergatik ez zaio orain arte aitortu hark eginiko lana?

EM: Ez diote sekula barkatu Nafarroa ofizialetik euskal zaletasunera egin zuen bidea. Aldaketa hori ez zuten onartu. Askotan mehatxatu zuten. Ez zioten laguntzarik eman. Mundu akademikotik kanpo eduki zuten. Horrela ez zuen bere lanaren teorizazioa egiteko aukerarik izan.

JME: Ez dute onartu nahi izan Moret Aitarekin eta Arturo Campionekin batera Nafarroak XX. mendean eman duen ikertzailerik garrantzitsuenetakoa izan dela. Nahi ez badute ere, erreferentzia bat da gure historiografian.

(Elkarrizketa osoa, bideoan).

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!