Erabakitzeko eskubidea izanen da nagusi gaur Nafarroako Parlamentuan. EH Bilduren ekimenez, osoko bilkura berezia eta monografikoa izanen da. Alor politikoan, ekonomikoan eta sozialean Nafarroako gizarteari ahotsa eta erabakia eman ahal izateari buruz eztabaidatu nahi dute EH Bilduk eta akordio programatikoa izenpetu duten gainerako hiru alderdiek: Geroa Baik, Ahal Duguk eta Ezkerrak. Aurrez aurre izanen dituzte UPN, PP eta PSN. Eztabaidaren aurretik, autodeterminazio eskubidea parlamentura ekartzea leporatu diote EH Bilduri, baina ikusteko dago eztabaidaren mamiari helduko ote dioten.
Lehenik Adolfo Araizek hartuko du hitza 20 minutuz, eta tarte berean talde bakoitzeko ordezkariek hitz eginen dute. Gero, gobernuko ordezkari batek har dezake hitza, eta, jarraian, taldeei proposamenak aurkezteko txanda iritsiko zaie. Proposamen bakoitza eztabaidatuko da, eta amaieran, bozkatu.