“PAI abian da. Ingelesa ikasteko programak aurrera segituko du eta jarraituko du beti eta hezkuntza komunitateak eskatzen duenaren arabera. Eredu baten alde egin duena ez da Gobernua, baizik ikastetxe askotako zuzendariak. Analisia, kontsentsua, elkarrizketa eta erabakia hartzea behar da. Inoiz faltako ez dena, ingelesa ikasteko aukera izanen da”, hala nabarmendu zuen Uxue Barkos presidenteak atzo zuzendariekin egindako bileran.
Nafarroako Parlamentuan aurretik ere entzun dituzte PAI programa ezarria duten ikastetxeetako zuzendariak. Eurek ere bat datoz esaterakoan, programa dena delakoa ere kalitatezkoa izan behar dela. Ingelesa ikasi nahi duten hiru urteko haurrek heldu den urtean aukera hori izanen dutela baieztatu du Barkosek.