% 17,27 igoko dira etxebizitza sozialak alokatzeko diru laguntzak

Euskalerria Irratia 2015ko aza. 26a, 20:31

Laguntzak hileroko errentaren % 75, % 50 edo % 25 izan daitezke, diru-sarreren arabera, eta % 90eraino heldu ahal izanen da muturreko beharraren kasuetan.

Foru Gobernuak etxebizitza sozialak alokatzeko laguntzak handituko ditu datorren urtean (% 17,27), 12,9 milioi euroraino heldu arte, Nafarroako Aurrekontu Orokorren aurreproiektuan ageri denez. Laguntza horiek hileroko errentaren % 75, % 50 edo % 25 izan daitezke, pertsona onuradunaren diru-sarreren arabera, eta % 90eraino heldu ahalko da mutur-muturreko beharra ikusten den kasuetan.

Une hauetan, Nafarroako Gobernuak jasotzen duen etxebizitza-eskaeraren % 80 alokairuan interesatuta dago, ez erostean. Arrazoi hori dela-eta, Eskubide Sozialetako Lehendakariordetzak legealdi honetarako jarritako lehentasuna "etxebizitza sozialen eskaintza handitzea izango da, herritarren eskaerari aurre egiteko".

Helburu hori lortzeko, Eskubide Sozialetako lehendakariorde Miguel Laparrak Nafarroako Eraikitzaile eta Sustatzaileen Elkarteari honako hau eskatuko dio gaur arratsaldean: "Alokairuko etxebizitza sustatzeko inbertsioan ahalegina egin dezala". Bestalde, Laparra lehendakariordeak horretarako laguntza publikoak sustatzeko konpromisoa hartuko du, sektore publikotik bertatik alokairuko etxebizitzak sustatzeaz gain. "Era garrantzitsuan aurrera egitea da kontua, etxebizitza duin bat eskuratzea Nafarroako herritar guztientzako eskubidea izan dadin", adierazi dute Eskubide Sozialetako Lehendakariordetzatik.

Miguel Laparrak erakunde horren urteroko batzar orokorraren itxiera-ekitaldian azpimarratuko du ere, alokairu sozialeko prezioak egokitzeko beharra dagoela "familia gehiagok etxebizitza eskuratzeko eskubidea bermatu ahal izateko", eta babestutako alokairuko etxebizitzak "benetako dimentsio soziala izan dezala".

Birgaitzea eta laguntza soziala

Bere agerraldian, Miguel Laparrak gogora ekarriko du Nafarroako Gobernuak alor honetan duen lehentasun nagusia etxebizitza birgaitzeko politikak berrikusi eta hobetzea izango dela. "Jarduera horrek ondorio oso positiboak ditu enpleguaren sorreran, ingurumenaren iraunkortasunean, udalerrien berreskuratzean eta pobrezia energetikoa arintzen, energia-gastuak aurrezten laguntzen duen neurrian", azaldu du Eskubide Sozialetako lehendakariordeak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!