1,5 milioi euro helduen artean eta hedabideetan euskararen erabilera sustatzeko

Euskalerria Irratia 2015ko aza. 25a, 19:27
Euskararen Nafar Kontseilua. Argazkia: euskarakultur.org

Euskarabidearen aurrekontu osoa 4 milioikoa izanen da. 250.000 euro komunikabideetan euskara sustatzeko dirulaguntzetara bideratuko dira. 

Euskararen Nafar Institutua-Euskarabideak euskara sustatzeko bere lana indartuko du 2016an, eta horretarako 1,5 milioi euro aurreikusi dira aurrekontu-proiektuan.Hala adierazi du Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok Euskararen Nafar Kontseiluaren bilkuran.

Kontseilariak azaldu duenaren arabera, aurrekontu horrek "Gobernuak aurten arte egindako hizkuntz politika aldatzeko borondatea erakusten du", "oso egoera kaskarretik" abiatzen baitzen. Gobernuak "datozen lau urteotan hizkuntz politika indartu eta egonkortzeko" bere konpromisoa azpimarratu du, halaber.

4 milioi Euskarabidearentzat

Euskarabideari baliabide gehiago ematearen aldeko apustua 2016rako aurreikusitako zuzkiduran ikusten da: 1,5 milioi euro inguru, eta iragan ekitaldian 700.000 eurokoa zen. Euskara edo hizkuntz politikaren alorrean lan egiten duten hainbat unitatetatik berriz batutako langileei dagokien gastua, guztira, 4 milioi euro da. Beste partida batzuen artean, Euskararen Nafar Kontseiluak duen 4.481 euroko zuzkidurari egungo Gobernuak 11.000 euro gehitzea aurreikusi du.

Helduen irakaskuntzarako laguntzen partida, tokiko arloko euskara-laguntzak edo hedabideetan euskara sustatzeko laguntzak berreskuratu dira heldu den urtean. Aurreko urtean komunikabideei 39.500 euro eman zitzaien eta 2016an, aldiz, 250.000 euroko laguntzak ematea aurreikusten da.  Bestalde, Eusko Ikaskuntzarekin zegoen lankidetzari berriz heltzeko partida bat ere berreskuratu da, erakunde horren sorreran parte hartu baitzuen (1918), beste batzuen artean, Foru Aldundiak. Euskaltzaindiari, halaber, 96.000 euro emango zaizkio.

Euskararen Nafar Kontseilua

Euskararen Nafar Kontseilua Euskarabidearen aholkularitza eta partaidetzako erakundea da, Ollo kontseilaria du burua, eta honako hauen ordezkariek osatzen dute: Gobernua, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Nafarroako Unibertsitatea, Nafarroako Udalerri eta Kontzejuen Federazioa, Euskaltzaindia, Eusko Ikaskuntza, euskalduntze eta euskarazko alfabetatzeko zentroak, hedabideak, bai eta euskaren nahiz euskal kulturaren esparruan ospe handiko pertsonak ere.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!