Tentsio handiko linearen aurkako mozioak, udaletara

Euskalerria Irratia 2015ko aza. 17a, 09:36
Tentsio handiko linearen aurkako mozioak eramanen dituzte udaletara.

Nafarroako Gobernuari emandako hitza ez betetzea eta isilik egotea leporatu diote. Udaletan proiektuaren aurkako mozioak aurkeztuko dituzte urtea bukatu arte

Espainiako Gobernuak argindarra garraiatzeko 2015-2020 arteko plangintza onartu zuen joan den hilean; tartean dago, Ezkio-Itsaso eta Deikaztelu batuko dituen tentsio handiko argindar linea. 400.000 watt-eko potentzia duten kableak pasatu nahi dituzte bi herrialde horietako 172 herritatik. Autopista Elektrikorik Ez plataformak iragarri du udaletan proiektuaren aurkako mozioak aurkeztuko dituztela urtea amaitu arte. 2013an egin zuten bezala, udal gobernu berriek ere proiektuaren aurka agertzeko aukera izanen dute.

Nafarroako Gobernuari emandako hitza ez betetzea eta isilik egotea leporatu diote. Alberto Frias bozeramaileak azaldu zuen, bi gobernuekin bilerak egin zituztela. Izan ere, linea eraiki nahi duen REE Red Electrica de Españak aurkeztutako proiektuan moldaketak egiteko aukera izan dute. Yolanda Barcina eta Lourdes Goikoetxearekin elkartu ziren. "Proiektua babesten zuten, baina Madrilera joan ziren Deikazteluko azpiestazio elektrikoa eskatzera. Madrilek onartu duen planean ez da halakorik aipatzen, eta, gainera, abenduko hauteskundeetarako euren eskaera onartu ez duen PPrekin akordioa egin dute". Hala ere, "haserre eta kezka handiagoa" eragiten die egungo Nafarroako Gobernuaren jarrerak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!