Jose Luis Mendoza Hezkuntza kontseilaria ingelesa ikastearen alde dago “zalantza izpirik gabe”, baina Ingelesa Ikasteko Programaren (PAI) eraginkortasuna ez du batere argi. Hala azaldu du gaur goizean, berak eskatuta Parlamentuko Hezkuntza Batzordean egin duen agerraldian.
Mendozaren azaldu duenez, programa ebaluatzeko tenorean domumentazio gutxi aurkitu du: “PAIri legezko corpusa emanen dion legerik eta foru dekreturik ez dago; aitzitik, ezustekoei aurre egiteko sortzen da erregulazioa, planifikaziorik gabe ezarritako programa honen barruan”. Hezkuntza kontseilariaren irudikoz, “aurreikuspen falta ukaezina da curriculumari, giza baliabideei zein bestelako bitartekoei dagokienez”.
Hori guztiori horrela, foru Gobernuak PAIren ebaluazio zorrotza egin nahi du, zehaztu ahal izateko zein den biderik eraginkorrena “ikasleek behar bezalako ingeles ezagutza eduki dezaten, derrigorrezko ikasketak amaitzen dituztelarik”, betiere “Nafarroako bi hizkuntza propioen ezagutza eremua murriztu gabe”.