Jada urte bat pasa da Gayarre antzokian, Oneka marrazoa ikuskizuna estreinatu zuela Ene Kantak taldeak Euskalerria Irratiko lagunekin batera. Oraingo honetan, Barañaingo Auditorioan 2015ko urriaren 3an grabatutako ikuskizunare DVDa eskuragarri jarri dute. Eneko eta Nereren abenturak bizitzeko agertoki aproposa izan zen Barañaingo Auditorioa. Bertan, Oneka marrazoaren beste hainbat lagun gonbidatuta zeuden; hala nola, Basajaun eta Tartalo anaiak, kilikiak, erraldoiak, eta beste hainbat sorpresatxo ere bai.
Nor lagunduko dute DVDaren salmentaren etekinekin?
DVD berri honekin lortutako diruaren parte bat Mailope herri aldizkaria laguntzeko izanen da.
Mailope Araitz-Betelu, Larraun eta Lekunberriko herri aldizkaria da. 1990. urtean argitaratu zen lehenengoz. Aurten 25 urte beteko ditu. Berez ingurune euskalduna den arren, aldizkaria bera jaio zenean, euskararen normalizaziora heltzeko urrats franko eman beharra zegoela ikusi zuten bertako hainbat euskaltzalek. Gau-eskolako ikasleen ariketa gisara sortu zen aldizkaria. Lau orrialdeko ale bat atera zuten lehenengoz, eta herritarren artean zer nolako arrakasta izan zuen ikusita, azkenean, hilabetekari bihurtu zen.
Hilabetekaria argitaratzeaz gain, hainbat kultur ekitaldi ere antolatzen ditu elkarteak, beti ere euskara eta euskalzaletasuna ardatz hartuta. Bidean, zailtasun ugari izan da. Nafarroako Gobernuak azken urteetan diru laguntza ukatu, eta bazkideen eta publizitatearen bidez lortutako diruari esker egin ahal izan du aurrera proiektuak. DVD berri honekin jasotako dirua onuragarria izanen da oso Mailoperentzat, bidea erraztuz eta ilusio handia banatuz.
DVD berria azaroaren 25an argitaratu dute eta jada erosteko aukera dago. Prezio berezia erreserbatzeko bada: abenduaren 1a arte webguneko prezioa 10 eurokoa izanen da (+ bidaltze gastuak).
Azaroaren 25tik aurrera ohiko tokietan salgai egonen da.
SINOPSIA
Lur planeta sufritzen ari da, euririk ez du egiten azkenaldian, ur eskasia dago, auto kopurua ikaragarria da... Eneko eta Nere kezkatuta daude, ezin baitute gehien gustatzen zaien jolasean aritu: putzuetan saltatzea. Beste alde batetik, Tartalo eta Basajaun urtebetze festa ospatu nahi dute eta komeriak igaroko dituzte hura lortzeko.
Liburu majikoa hartuta uraren bila joango dira: baina... lortuko al dute? Oneka marrazoak lagunduko al die? Etxera bueltatu ahal izango dira? Izan ere... “marrazo handi honek sortarazten du beldurra”... Erraldoiek lortuko dute dantzatzea gure lagunekin???