Ikastolok joan den igandean Baztanen ospatutako Nafarroa Oinez jaian jazotako ustezko eraso sexuala dela eta, gogor eta indar guztiarekin salatzen eta gaitzesten dugu ekintza, bere horretan indar guztiz salatzekoa izateaz gainera, guk bultzatzen dugun gizarte ereduaren, gure ikasleei, gure seme-alabei ematen diegun hezkuntza ereduaren guztiz kontrako ekintza ere badelako.
Atsekabetuta, harrituta eta haserre gaude. Ikastolen jaien historian zehar lehendabizikoz egin behar izan diogu aurre halako egoerari. Jaiaren antolakuntzak urtero auto babes plan zorrotza sortzen duela jakinarazi nahi dugu eta beronen baitan jardun zela gertaeraren berri izan zen une beretik. Foruzaingoak hartu zituen bere gain zegozkion ardurak eta kasu hauetarako ezarrita duen protokoloa abiarazi zuen; une honetan gertaera nola burutu zen ikertzen ari da. Ildo honetatik Foruzaingoak erantzuna ematerakoan erakutsi zuen azkartasuna eskertu nahi dugu baita jaiaren antolakuntza laguntzeko erakutsi zuen jarrera ere. Gure babesa eta elkartasuna helarazi nahi diegu gertaerak eragin ahal dituen biktimei. Une honetan euren osatzeak eta hala izan dadin behar duten laguntza guztia jaso dezaten da gure lehentasuna. Gizartearen aldaketa handia eman behar dela uste dugu, non eraso sexistak kartzelarekin zigortu ahal baitiren arren, oraintsu arte eta oraindik ere onartu egiten diren, edo benetan duten garrantzia kentzen zaien, are gehiago jai giroko momentuetan gertatzen direnean. Hain zuzen ere, azken urteetan lan handia egin da ikastoletan gure jaiak parekideak izan daitezen bultzatzeko, eraso sexistarik ez onartzeko, eta, emango balira, haiei aurre egiteko eta salatzeko. Horretan sakontzea dagokigu eta sakonduko dugu, uste baitugu hori dela ikastolok gai honetan gizarteari egin diezaiokegun ekarpen garrantzitsua.
Josu Reparaz Leiza, NIEko zuzendaria