Elizondok milaka euskaltzale batu ditu ikastolen aldeko jaian. Nafarroa Oinez ekintzaz beterik izan da eta jendeak erantzun "oso positiboa" eman du ikastolaren ustez. Bost kilometro eta erdi baino gehiago duen ibilbidean, lau gune, kontzertu eta aisialdi eskaintza zabala izan dira. Hamabortz, ama bat goiburuarekin euskararen alde lan egiten jarraitzeko eguna izan zela berretsi du Baztan ikastolak.
Aurtengo edizioan Baztan ikastolako bederatzi irakasle omendu dituzte: Mari Karmen Goñi, Sokorro Iñarrea, Marilu Apeztegia, Mari Paz Goñi, Kepa Dendarieta, Juanjo Atxa, Maite Iturralde, Mari Joxe Iturralde eta Jasone Altxu. Nafarroako Ikastolen Elkarteak, berriz, Jose Luis Gorostidi, Antontxu Zabaltza eta Pedro Miguel Etxenike omendu ditu, "ikastolei eta euskarari eskainitako babes eta esfortzuagatik".
1970. urtean guraso talde batek sortu zuen Baztan ikastola, euskara debekaturik zegoen garaian. Hamaika oztopo gainditu behar zituen orduan, eta, egoera aldatu arren, zenbait arazo dituzte gaur egun ere. Ikastola hazi da azken urteetan; ikasturte honetan Baztan ikastolak 122 familiatako 210 ikasle ditu, eta hamabost irakasle. Horren eskutik beharrak sortu dira. Gaur bildutako diruarekin Haur Hezkuntzako eraikinaren teilatua goratu nahi dute, baita egurrezko zorua konpondu ere, besteak beste.
Lekukoa Vianak eta Lodosak
Datorren urtean Vianako Erentzun eta Lodosako Ibaialde ikastolen artean antolatuko dute Nafarroa Oinez, Vianan. Bertan egin zuten 2007an eta 1992an.