Comptos Ganberari Orkestra Sinfonikoaren inguruko txostena egiteko galdegin dio Parlamentuak, Nafarroako Gobernuak hala agindu ostean. Izan ere, auditoria egin diote Nafarroako Orkestra Sinfonikoari, Santa Zezilia Kontzertu Elkartearen eta Pablo Sarasate Fundazioaren harreman ekonomikoetan mugimendu "ez argiak" sumatu ondoren.
Orkestraren aurrekontuaren %90 Nafarroako Gobernuak jartzen du eta Santa Zezilia Kontzertu Elkarteak eta Iruñeko Udalak gainerakoa.
Joaquin Romero kudeatzaileak aurkeztutako analisi batek bide eman du egoera ekonomikoa erdigunean jartzeko. Izan ere, 2007tik 2014ra irregulartasunak zeudela dio. Informazio horren arabera, 386.432 euro zeuden 2014 urteko amaieran, baina Fundazioaren bilera-agiritan ez da 2007an hasitako jardueraren inguruko informaziorik jaso.