Nafar hegoaldeko uzta, euskarari berriro puzka

Euskalerria Irratia 2015eko urriaren 6a

Nafarroako hegoaldea, euskara eta elikadura burujabetza lotzen dituen Errigora ekimenaren udazkeneko kanpaina abiatzear dago. Produktuen saskia eskatzeko epea urriaren 21etik azaroaren 8ra izanen da zabalik. 

Nafarroako hegoaldeko produktuak kontsumitzaileen eskura jartzen ditu zuzenean Errigora herri ekimenak. Auzolanaren bidez bertako produktuak eskaintzeaz gain, euskara diruz laguntzea du helburu egitasmo honek. Ikastolen Elkartearekin, AEKrekin, Zazpiak Batekin eta Sortzenekin elkarlanean urriaren 21ean abiaraziko dute udazkeneko kanpaina. 50 euroren truke jaso ahal izanen dira saskiak Euskal Herriko hainbat  txokotan eta haien barruan ardoa, olioa, melokotoi poteak, piperrak, zainzuriak, orburuak, kardua, potxak, almendrak eta zukua aurkituko ditugu. Urtero bezala, jasotako diruaren %25 euskara ofiziala ez den eremuko euskalgintzako proiektuetara bideratuko du Errigorak.

Azken hiru urteen balantzea

Aurtengo kanpaina ezagutzera ematearekin batera, orain arteko ibilbidea bildu dute bideo batean. Zenbakiei erreparatuz, hiru urtetan  370.000 kontserba ontzi eta 88.000 litro olio banatu dituzte, eta  guztira 15.000 etxetara heldu dira. Horri esker, Nafarroa hegoaldeko euskalgintzara 300.000 euro bideratzea lortu dute.

Nafar hegoaldea, euskara eta elikadura burujabetza lotzen dituen Errigora ekimenaren  udazkeneko kanpaina aurkeztu zuten Nafarroako Parlamentuan urriaren lehenean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!