Foruzaingoak ezin duela trafikoa mugatu ebatzi du Auzitegi Nazionalak

Euskalerria Irratia 2015ko ira. 30a, 08:13
Mari Jose Beaumont Nafarroako Parlamentuan kazetariei erantzuten. Argazkia:eitb.eus

Nafarroako Auzitegi Nagusiak bi epaitan ebatzi du Nafarroak ezin duela mugarik jarri ibilgailuen zirkulazioan, ezta trafikoa eten ere. Epaiak irmoak dira.

Nafarroak ezin du mugarik jarri ibilgailuen zirkulazioan, ezta trafikoa eten ere. Horixe da Nafarroako Auzitegi Nagusiak bi epaitan ebatzi duena. Espainiako abokatuari arrazoi eman dio modu horretan, eta Nafarroak errepideetako zaintza eta kontrolaren funtzioak gainditu dituela deritzo. Gobernuak ezinen du helegiterik aurkeztu hortaz, epaiak irmoak dira.

Nafarroako Gobernuak arrazoitu zuen trafiko eskumenen barruan sartzen dela errepideetako zirkulazioa mugatzeko ahalmena. Auzitegi Nagusiak errepideen zaintzan diputazioak historikoki izan zituen funtzioak aztertu ditu. Besteak beste, gogorarazten du frankismoan gobernadore zibilek ohartarazten zutela funtzioa estatuari zegokiola baina diputazioaren eskuetan uzten zutela. Auzitegiak onartu du historikoki trafiko zaintzaz gainera zirkulazioa mugatzeko funtzioak izan dituela, baina gaineratu du Foruzaingoak Guardia Zibilarekin batera banatu duela. Auzitegi Nagusiaren ustez Nafarroak ezin ditu bere gain hartu zirkulazioa mugatzeko neurriak.

Epaiaren berri eman zutenean, Maria Jose Beaumont Rafael Catala Espainiako Justizia ministroarekin Madrilen zegoen lan bilera batean. Bi gobernuek lankidetza hitzarmen bat izenpetu dute, eta, haren arabera, estatuak 83.534 euro emango dizkio Nafarroari justizia administrazioaren teknologia hobetzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!