David Pla iruindarra eta Iratxe Sorzabal atxilotu dituzte Baigorrin

Euskalerria Irratia 2015ko ira. 22a, 16:50
David Pla eta Iratxe Srzabal. Argazkia: Argia

ETAko zuzendaritzako ustezko kideez gain, atxiloketak izan diren landetxeko jabea eta beste lagun bat ere atxilotu dituzte. 

ETAren kontrako operazioa egiten ari dira Frantziako Polizia eta Guardia Zibila. Operazioa oraindik irekita dago eta Espainiako Barne Ministerioak esan du atxiloketa gehiago izan litezkeela. 

Baigorri eta Banka artean dagoen Agorerreka aterpetxean atxilotu dituzte gaur eguerdian Iratxe Sorzabal eta David Pla ETAko zuzendaritzako ustezko kideak. Frantziako Polizia eta Guardia Zibila elkarlanean ari dira “Pardines” izena hartu duen operazioan, 1968an ETAk hil zuen lehen pertsona izan zen Jose Pardinesen omenez. Barne Ministerioak baieztatu duenez beste bi lagun ere atxilo hartu dituzte: Pantxoa Flores, etxeko , eta laugarren persona bat.  Ministerioaren esanetan, ETAren armak kudeatzeko ardura duen egitura desegin dute operazioaren bitartez.

David Pla iruindarra abokatua da, 1975. urtean jaioa. 2010ean atxilotu zuten abokatuen aurka eginiko operazioan, baina libre geratu zen, haren kontrako frogarik ez zegoelako. Polizia iturrien arabera Pla eta Sorzabal izan dira ETAren azken komunikatu garrantzitsuenak irakurri dituztenak, haien artean 2011ko azaroaren 20koa non ETAk jardun armatua uzten zuela iragartzen zuen. Iazko ekainean Pla atxilotzeko agindua eman zuen Auzitegi Nazionalak, epaitegi horretan bertan lehergailu bat jartzen saiatzea leporatuta. Gazte garaian Pla Jarraiko kidea izan zen eta 1995ean Herri Batasunaren kide bezala udal hauteskundeetara aurkeztu zen. 2000 urtean atxilotu zuten Zaragozan eta 2001ean  kondenatua izan zen banda armatuaren kide izateagatik. 2006an aske atera zen, zigorra bete ondoren. Harrez geroztik Iparraldean bizi izan da.

Sorzabal irundarra da, eta 43 urte ditu. HBko parlamentari izan zen, eta Gipuzkoan Amnistiaren Aldeko Batzordeen arduradun izan zen. Lehenago ere izan da atxilotua, baina Auzitegi Nazionalak aske utzi zuen, fiskalak hala eskatuta, haren kontrako frogarik ez zegoelako.

 

Operazioaren berri eman dutenean, Efe albiste agentziak zabaldu du Josu Urrutikoetxea ere atxilotua zegoela, bania gero baieztatu gabe zegoela gaineratu du, eta El País egunkariak jada aurreratu du ez dela laugarren atxilotua. Gaurko atxilotua Egoitz semea izan daitekeela ere zabaldu du El País-ek.

Barne Ministerioaren arabera, operazioak "guztiz zailtzen du" ETA "Euskal Herriko, Nafarroako eta Frantzia hegoaldeko eragile politiko eta sozial gisa betikotzea".

Bide beretik, lehen erreakzioetan PPk ETAren azkena izan daitekeela iradoki du.

19.00etarako elkarretaratzera deitu dute Baigorrin, atxiloketak salatzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!