Euskara 'erdizka' ez uzteko deia

Euskalerria Irratia 2015ko ira. 10a, 09:42

Nafarroako Udaletako Euskara Zerbitzuek euskaltegietan izen-emateko kanpaina jarri dute abian. Euskara ikasten hasi eta albo batean utzi duten horiei egin die deia bereziki, euskara erdizka utz ez dezaten eta ikasi eta gozatu dezaten euskaraz.

Nafar guztiei euskara ikastera animatzeko deia egin diete Nafarroako Udaletako Euskara Zerbitzuek. Horretarako No me dejes a medias / Ez utzi erdizka goiburua aukeratu dute. Izan ere, euskara erdizka uzten duten horiei zuzendu nahi zaizkie bereziki. Hau da, etxean, ikastetxean edo euskaltegian euskalduntzen hasi, baina, ikasketa prozesua behar baino lehenago utzi, edota hizkuntza erabili ez dutelako, erdibidean gelditu direnei. Euskara erdizka ez uzteko eta hizkuntza ikasi eta gozatzeko deia egin dute.

Pertsona helduak euskalduntze eta alfabetatze ikastaroetan izena emateko kanpaina hilabete guztian martxan izanen da. Lorena Arangoa aktore irurtzundarra protagonista duen bideo baten bidez zabalduko dute mezua. Horrekin batera, 51.000 esku-orri eta 800 kartel zabalduko dira. Haietan Nafarroako euskaltegien datuak, loturak eta kanpainaren hainbat xehetasun aurki daitezke.

Euskaltegiak
Euskara Zerbitzuetatik nabarmendu dute Nafarroan euskaltegien sare zabal eta espezializatua dagoela, nonahi, etxetik hurbil. Haien eskaintza erakargarria eta askotarikoa dela nabarmendu dute, beraz,  uste dute erraz aurki daitekeela edonoren behar eta gustuetara hobekien egokitzen den aukera.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!