Errefuxiatuei elkartasuna adierazi diete ehunka iruindarrek

Euskalerria Irratia 2015eko irailaren 7a

(Argazkia: SOS Arrazakeria)

“Ongi etorri errefuxiatuak eta migratzaileak”. Mezua euskaraz, gazteleraz eta ingelesez irakur zitekeen larunbatean Alde Zaharreko karriketan zehar egin zuten manifestaldiko buruko pankartan.

SOS Arrazakeria, Amnesty International eta Paperak denontzat taldeek antolatu zuten protesta. Hiru taldeok txalotu egin zuten “Iruñeko Udalak eta beste zenbait erakundek” krisiari eman dioten erantzuna, besteak beste aterpe-hirien sarearen bitartez.

Paperak Denontzat plataformako kide Javier Urrozen arabera, “Europan gertatzen ari dena tragedia bat da”. Bere irudikoz, “Libian eta Sirian gerra geraraztea da neurririk eraginkorrena errefuxiatuak etor ez daitezen”.

Amntesty Internationaleko Adriana Goikoetxearen aburuz, “gobernuek ezin dute ahantzi 1951ko Nazio Batuen Erakundeko Errefuxiatuen Hitzarmenak dioenez, gatazketatik ihesi datozen pertsonak derrigorrez hartu behar dituztela”.

Azkenik, SOS Arrazakeriak-eko Beatriz Billaizainek gogor kritikatu zuen Europaren migrazioari buruzko politika: “Politika horrek behartzen ditu migratzaileak bestelako bide arriskutsuak bilatzera, haien eta haien senideen bizitza arriskuan jartzera”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!