Baztango Nafarroa Oinezek baditu kantua eta bideoklipa

Baztan ikastolako bi ikasle ohik sortu dute melodia eta letra. Tradizio irlandarreko musika tresnak eta reggae eta doinu jamaikar-tropikalak tartekatu dituzte. Ikastolako haurrek, gurasoek, irakasleek eta 15 herrietako bizilagunek hartu dute parte.

Auzolanean egindako lana da bai kantua eta baita bideoklipa ere. Baztanen izanen den Nafarroa Oinezek Hama bortz, ama bat goiburua hautatu du eta kantua eta bideoklipa egiteko ere baliatu dute lema hori. Baztan ikastolako bi ikasle ohik sortu dituzte melodia eta hitzak: Iñigo Beltzunegik eta Jon Barberenak. Guztira, hori bai, 7 musikarik eta 3 abeslarik hartu dute parte eta baita ikastolako haurrek eta Elizondoko koro txikiko neska-mutilek ere. "Irlandar tradizioan erabiltzen diren musika tresnekin sortu dugu kantuaren melodia, noizbehinka reggae-a eta jamaikar tropikalak diren soinuak ere tartekatu ditugu", nabarmendu du bideokliparen koordinatzaile Fernando Anbustegik. "Zenbakiekin eta eragiketekin jolas egiten dute haurrek bideoklipean eta Baztango hamabortz herriek mundu bat osatzen dutela ere erakusten dute", gaineratu du.

Baztango ohiturak, herriak, euskara ... erakutsiko dituzte bideoan eta kantuan. Ikastolako ikasleak, irakasleak eta gurasoak hartu dute parte lan horretan baina baita Baztango herri guztietako bizilagunak ere, "auzolanean aritu dira denak".

Vista Bellan Oinez txokoa izanen da aurten ere

Aurten 35. edizioa du Nafarroa Oinezek. Iraileko hirugarren igandean eginen dute festa handia Baztanen baina egun hori iritsi aitzin sanferminak ere baliatuko dituzte euskarari bultzada emateko. Vista Bellan izanen da aurten ere Nafarroa Oinez txokoa, "egitarau zabala, anitza eta adin guztietarako ekitaldiz josia izanen da". Baztango ohitura eta tradizioek leku berezia izanen dute Jo ala Jo taldearen eskutik. Musikak ere toki nabarmena izanen du besteak beste Oihan Vega, Trikidantz eta Los Zopilotes Txirriaus ariko dira.