Ainhoa Aznarez: “Parlamentua herritarrei eta haien aldarrikapenei zabaldu nahi diegu”

Euskalerria Irratia 2015ko eka. 24a, 11:50

Podemoseko buru ohi Juan Carlos Monederok Berriozarren Gobernu berria ez dagoela bermatuta esan du. Ahal Duguko kide eta foru Parlamentuko presidente Aznarezek dio gobernu akordioa ez dagoela lotuta baina aldaketa ziurtatuta dagoela, eta azken hitza betiere Nafarroari dagokiola.

Ainhoa Aznarez 1970ean jaio zen, Iruñean. Sakanan egin izan du lan, UGT sindikatuko koordinatzaile moduan. San Fermin ikastolan ikasi zuen, Uxue Barkosek bezala. Haur hezitzailea da, eta berdintasun teknikaria. Azkenaldian, Volkswageneko katean ere aritu da beharrean. 2003tik 2007ra PSNko zinegotzia izan zen Iruñean. Ahotsak ekimeneko partaidea ere izan zen. Berriki, PSN utzi eta Podemos-Ahal Dugu-n sartu da. Bere hitzetan, Nafarroako Parlamentuko presidente “euskaldun, feminista eta errepublikazalea” da.

Nafarroako Parlamentuko presidentea euskaraz elkarrizketatzen ari gara Euskalerria Irratian. Bistan da gauzak aldatzen ari direla.

Bai, eta gustura etorri naiz gainera, beste hainbatetan bezala. Gure Nafarroan profil asko dauzkagu, eta bat nirea da: euskalduna, feminista eta errepublikazalea naiz. Hori nabarituko da.

San Fermin ikastolan ikasi duzu, Uxue Barkosek bezala. Joseba Asiron ikastetxe horretako irakaslea da. Elite berrien sorburua?

Duela urte asko, esaten zuten ikastoletan ginen guztiok ia-ia ETAren seme-alabak ginela. Orain, ikusten ari gara demokrazian lehen lerroan gauden asko eta asko ikastoletan ibilitakoak garela. San Fermin ikastolan ikastea oso bide interesgarria izan zen niretzako.

Berriki Volkswagenen aritu zara lanean.

Goizeko seietatik bederatzietara aritzen nintzen katean lanean. Langilea naiz, eta langileekin aritzen nintzen lanean. Nafarroan 47.000 pertsona dauzkagu langabezian, ia kale gorrian, eta horiei laguntzeko lan egin behar dugu Parlamentuan.

Euskalerria Irratira maiz etorri zara, batez ere Iruñeko zinegotzi zinen garaietan. Zein oroitzapen duzu garai hartaz?

Oroitzapen onak ditut. Oposizioan izan nintzen, eta asko ikasi nuen, UPNk egiten zuen politika ikusiz, Yolanda Barcina Angulo andrearekin ika-mikak edukiz. Oso argi geratu zitzaidan zein politika ez nuen egin nahi, eta ez nuen babestu nahi. Hiriaren kudeaketaz asko ikasi nuen. Orain, Nafarroaren kudeaketara eraman behar orduan ikasitakoa.

Zinegotzi ohi bezala, zein sentipen duzu EH Bilduko Joseba Asiron Iruñeko alkate postuan ikusita?

Poz izugarriz ikusten dut. Aldaketa askotarikoa, gauzak beste modu batean egiteko aukera iritsi dira bai Iruñera baita Nafarroara ere. Jendeak bere aldaketa nahia eraman du hautetsontzietara, eta orain hori guztia kudeatu behar dugu. Horretarako lau urte dauzkagu, eta hori errotu eta sendotu behar dugu. Alkate guztiek alboan izanen naute.

2007an, abuztukada. Nola bizi izan zenuen PSN barrutik?

Nafar askok bezala: gaizki. Uste nuen mementoa zela aldaketa jorratzeko. Eta horren alde eragile asko zeuden. Batzuek ez zuten hori bultzatu, erabakiak Ferrazetik zetozelako. Madrilek izan zuen azken erabakia. Eta azken erabakia beti nafarrok eduki beharko genuke. Erabakitzeko eskubide hori nafarrok eduki behar dugu, gure etorkizuna hemen erabakitzeko. Ni beti egonen naiz horren alde.

Garai haietan, Ahotsak ekimenean izan zinen. Zergatik?

Oso garai latzak zirelako. 2003an jarri genuen abian mugimendua. Aznar zen presidente. Ia egunero hildako bat izaten zen. Hainbatetan, nire alderdikide bat. Talde terrorista batek hiltzen zituen, besterik gabe ideia ezberdinak edukitzeagatik. Zerbait egin behar zela uste genuen, genero perspektibatik, ikuspegi feminista batetik. Oso mugimendu eraginkorra izan zen, oso landua, ekimena oso ongi zabaldu zen Euskal Herri osora. Eta, besteak beste, horrek ekarri gaitu honaino.

ETAk duela hiru urtetik ez du hiltzen, armak entregatu ez baditu ere. Lehen ETAren borroka hori sostengatzen zutenak orain politika egiten ari dira. Auzitegi Konstituzionalak esan du eragile politiko horiek legezkoak direla eta politika egin dezaketela. Eskuzabaltasunez jokatu behar dugu, baina egin dugun ibilbide hori ahaztu gabe. Nik berdin segitzen dut. Beste batzuk orain jabetu dira politika egiteko denok berdin bizi behar dugula, mehatxurik gabe.

ABCk dio PSNtik bota zaituztela. Ez da egia, ezta?

Ez. Ni ez naute inondik bota… Beno, bai, Parlamentutik bota ninduten duela hiru urte. Errepublikari buruzko mozio bat eraman genuen Parlamentura, eta errepublikaren bandera zabaldu nuen. Alberto Catalan presidenteak kaleratu ninduen. Orain, Parlamentuko presidentea bezala itzuli naiz.

Baina zuk zeuk utzi zenion PSNko kuotak ordaintzeari. Noiz eta zergatik?

Duela denbora asko. Ikusten nuen PSNren ibilbidea ez zela PSNko militanteek eta nik neuk eskatzen genuena. Idazkari nagusia eta bere taldea militanteengandik oso urrun zeuden.  Eta azkena PSNren eta UPNren arteko gobernu akordioa izan zen. Ezinezkoa da alderdi ezkertiar batek alderdi eskuindar baten murrizketak sostengatzea. Nik hori ezin dut jasan. Koherentzia kontu bat da, eta ni oso koherentea naiz.

Atrebentzia ez bada, noiz utzi zenion kuotak ordaintzeari?

Duela bizpahiru urte. PSOEren barruan badago korronte kritiko bat, eta horren barruan lantzeko esparru bat banuela uste nuen alderdia aldatzeko, Perez Tapiasekin, Jose Luis Urizekin eta beste hainbat militante sozialistarekin. Baina berriz ere ikusi nuen ezin zela. Korronte kritikoak ez zuela behar zuen babesa. Eta aski zela esan nuen, ez zela posible.

Eta zergatik sartu zinen Ahal Dugu-n?

Laura Perez Ruano idazkari nagusia duela asko ezagutzen dut. Kalean elkarrekin aldarrikatu ditugu gauza asko. Eta berak deitu zidan esanez Ahal Dugu-n behar nindutela, ni bezalako emakumeak behar zituztela, matxirulo asko daudelako alderdietan. Eta Laura eta Ahal Dugu-ko beste asko ezagututa, nola ez sartu? Egun, nire aldarrikapenak egiteko esparru posible bakarra Ahal Dugu da.

Parlamentuko presidentetzara, nola? Zergatik?

Bat-batean izan zen. Maiatzaren 24an jendeak esan zuen Parlamentua eta Gobernua aldatu behar genituela. 33 parlamentari zeuden horren alde, eta hor PSN sartzen dut, PSNk kanpaina osoan esan duelako aldaketaren aldeko alderdia dela. Negoziazioak hasi genituenean, PSN ez zen sartu mahai horretan EH Bildu zegoelako. Halere, gehiengo osoari eutsi genion 26 parlamentarirekin. Parlamenturako sei oinarri adostu genituen. Eta nork zer eginen zuen ere adostu genuen. Erabaki genuen presidentetza Ahal Dugu-rentzat izanen zela. Orduan esan zidaten Ainhoa Aznarez Igartza egokia izan zitekeela kargu horretarako. Nik galdetu nien ea alderdiaren babesa nuen, eta baietz esan zidatenez aurrera egin nuen.

Zein harreman dugu PSNko parlamentariekin?

Oso ona. Gehienak aspaldidanik ezagutzen ditut. Gainera Maria Txibitek esan du haien botoak askotan aldaketaren aldekoak izanen direla. 26 boto eduki ordez 33 baditugu, primeran.

Txibitek halaber esan du abertzaleek zein iritsi berriek ezin dutela Parlamentuko presidente izan.

Martxoaren 24an jendeak esan zuen abertzaleek zer egin dezaketen. Bestalde, hainbat eta hainbat urtetan politika kalean egin dugunok ez gara berriak. Kaleko ahotsa eraman dugu Parlamentura, jendeari eta haien aldarrikapenei Parlamentuko atea zabaldu diegu. Nik ibilbide bat daukat eta ez dut neure burua iritsi berritzat.

PSNren azken orduko maniobrei dagokienez, niri leialtasuna gustatzen zait, eta hori ez da leialtasunez jokatzea. Egun asko izan dira hori guztia adosteko, eta adostasun zabala lortzeko. PSNk ez du horretan sartu nahi izan, eta azken orduan horrela aritzea ez zait gustatzen.

Presidente karguaz jabetu zinelarik, euskalduna, feminista eta errepublikazalea zinela esan zenuen. Baten batek esan du horrek bazterrean uzten dituela euskaldunak, feministak eta errepublikazaleak ez diren nafar guztiak.

Orain arte behar bada euskaldunak, feministak eta errepublikazaleak direnek ez dute izan behar duten esparrua. Euskalduna izatea da Nafarroaren hizkuntza bat babestea eta normalizatzea. Feminista izatea da emakumeen eskubideak defendatzea. Eta errepublikazalea izatea da balore errepublikazaleak mahai gainean jartzea: berdintasuna, hezkuntza, zerbitzu publikoak. Ni ez naiz bandera batekin janzten. Ez naiz lehiatzen ikusteko zeinek duen handiagoa. Guztiok eskubide guztiak edukitzea nahi dut nik.

Parlamentuko presidente postua nahikoa kasta dela dioenik ere bada.

Presidentetza ez da kasta. Presidentetza horretan egon direnak dira kasta. 40 urtez hor izan direnak etengabe UPNko eta PSNko kideak izan dira. Hori apurtu dugu, normaltasun guztiz erakutsiz beste pertsona batek har dezakeela presidentetza hori eta beste modu batean kudea dezakeela presidentetza hori. 40 urte eta gero, emakume euskaldun, feminista eta errepublikazale batek postu hori hartzea primeran dago.

Zein heinean alda daiteke Parlamentua presidentetzatik?

Jendearen ahotsa Parlamentura eraman daiteke, Parlamentua herritarrona baita. Lehen egunean, Parlamentuko langileekin izan ginen. Haiek dira erakundeko giharra. Gu pasako gara, baina haiek hor segituko dute. Eta hor ikusi genuen Parlamentuan erabili gabeko metro koadro asko eta asko daudela. Horiek erabili behar dira. Adibidez, herritarrek batzarrak egin ditzakete hor, Parlamentua erabil dezakete batzarrak egiteko. Ni herria naiz, ni herritarra naiz, eta herritarrei zabaldu nahi diet Parlamentua.

Barcina presidenteak, Cordovillako egunkariak, Institucion Futuro think  tank-ak oso gogor egin dute Parlamentuaren aurka azken urteotan, haren tamaina, eraginkortasuna, aurrekontua kolokan jarriz.

Auditoria sozial bat egin behar dugu ikusteko zein nolako gastuak izan diren. Kontuen Ganberak baditu bere txostenak, baina ez dira lotesleak. Jakin behar dugu horiek zein nolako kudeaketa egin duten, zein aurrekontu egin dituzten, zertan gastatu duten dirua, zertan ondo eta zertan gaizki. Hor hainbat eta hainbat azpiegitura tamalgarri izan ditugu: Navarra Arena, Los Arcosko zirkuitua. Hor bai, hor dirua erruz xahutu dute.

Maiatzaren 17an jabetu zinen karguaz. Ordutik, hamar lan eguneko epea duzu alderdietako eledunekin mintzatu eta argitzeko Nafarroako Gobernuko presidente izateko hautagairik ba ote duten. Hasi al zara hizketan?

Oraindik ez. Zergatik? 18an mahai sektorialak eratu zirelako jorratzeko Gobernuaren programa markoa zein izanen den. Hor buru belarri aritu behar dugu, guztion neurriak eta aurrekontuak adosteko. Hori lan itzela da. Lau indarren artean Nafarroari buelta emanen dion programa adostea ikaragarri garrantzitsua da. Eta ez dakit zenbat denbora beharko den lan hori egiteko. Dakidana da Gobernua osatzeko epea abuztuaren 24an amaituko dela.

Bada beste epe edo denbora-mugarri herrikoi bat: sanferminak. Sanferminen aurretik akordioa lotzea posible al dakusazu?

Nik hor ez daukat ezer esateko. Ni ez nago negoziazio mahaietan. Legez ditudan epeak direnak dira: hamar lan egun eledunei galdetzeko, eta hiru hilabete gobernua osatzeko. Bihar-edo hasiko naiz deika.

Podemos-eko buru ohi Juan Carlos Monederok Berriozarren esan du gobernu akordio hori ezin dela ziurtzat eman. Ados?

Zergatik esan zuen hori? Oraindik lanean ari garelako. Programa ongi landu nahi dugu. Horregatik ezin da itxitzat eman. Baina 26 boto dauzkagu aldaketarako. Beste gauza bat da noiz ixten dugun akordioa, mahai sektorialak guretzako oso garrantzitsuak direlako.

Monederok halaber esan zuen ez zaretela Gobernuan sartuko. Hala al da?

Monederok ere esan zuen Nafarroako batzarrak erabakiko duela Gobernuan sartu ala ez sartu, azken hitza Nafarroak daukalako. Eta niri horrek lasaitasun osoa ematen dit. Gauza bat da Monederok zer esaten duen, zer iritzi duen, eta beste bat da gure batzarrak datu guztiak eta proposamen guztiak aztertu eta eztabaidatu eta gero zer erabakitzen duen. Hori da gure jokoa. Hori da demokrazia.

Brunete mediatikoa hasi da Nafarroara begira. Besteak beste, zure aurka egin du, iragan sanferminetan Berria-rentzat egin zenuen argazki baten kontura. Garagardoa kanilatik edaten ageri zara horretan. Nola daramazu presioa?

Berria-k sanferminetan egun bateko kronika Twitterren egiteko eskatu zigun hainbat pertsonari: Gaizka Aranguren, Bakartxo Ruiz… Ni izan nintzen lehena. Seian egin behar nuen, baina bostean Lizarran nengoen, lagun baten taberna margotzen, eta argazki hori egin eta igo nuen. El Mundo-k nire aurka duen guztia hori bada, primeran. Jende arrunta politika egiten. Hori gara gu. Jendeak ezagutzen nau, eta badaki festa garaian festa egiten dudala, eta lan egin behar denean lan egiten dudala. Bidenabar: tabernari askok esan didate kanilatik edatera gonbidatzen nautela.

Hori egitea ez al litzateke kasta izatea?

Kar, kar, kar. Bai, nik nire gauzak ordaintzen ditut.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!