Oier Sanjurjo: “Ezin dugu bulegoetan galdu zelaian irabazitakoa”

Euskalerria Irratia 2015ko eka. 17a, 11:05

Osasunako Zuzendaritzak dio datozen egunotan aurkeztuko duela 1’8 milioiko bermea, baina egiten ez badu taldea Bigarren B Mailara jaitsiko litzateke. Sanjurjoren aburuz, entrenatzaile berri baten premia handia dago. 

Ozta-ozta bada ere, mailari eutsi diozue. Azken minuturaino luzatu da agonia.

Azken minutuan salbatu ahal izateko denboraldi osoan beste 45 puntu ere lortu genituen.

Aste honetan ezagutuko omen da Osasunako entrenatzaile berriaren izena. Zer espero duzu?

Lehenbailehen izendatu beharko lukete. Hiru entrenatzaile izan ditugu azken hilabeteotan. Egonkortasuna behar dugu. Denboraldi berria prestatzen hasi behar dugu eta oso garrantzitsua da entrenatzaile berria izatea. Gure aurkariak izanen diren taldeek asteak daramatzate hurrengo denboraldia planifikatzen. Gu ez gara oraindik ezertan hasi.

Osasunako kudeatzailearen esanetan ez dago dirurik altxortegian. Jokalariei zor zaizkizuen bi milioi euroak ezin izanen dira ordaindu orain. Urrira arte ez omen duzue dirurik ikusiko, ez dagoelako.

Orain arte atzerapenik gabe jaso izan dugu hileroko ordainketa. Udazkenetik aurrera ere berdin gertatuko dela uste dut.

Osasunak 1’8 milioiko bermea aurkeztu behar dio Futbol Ligari. Oraindik ere, zenbait agiri falta omen dira. Azken orduan, zuek zelaian irabazi duzuena Klubak bulegoetan gal lezake?

Hori besterik ez dugu falta. Oso urte aldrebesa eta okerra izan da baina ez dut halakorik espero. Irakurri dudanaren arabera diru hori lortua du Osasunak. Nolanahi ere, ikusi arte ez dakit sinetsi edo ez. Aurki argituko dira gauzak. Ezin dugu bulegoetan galdu zelaian irabazitakoa.

Denboraldiaren balantzea egiteko ordua da. Taulan 18. postuan sailkatu zarete. Amildegitik puntu bakarrera.

45 puntu lortu ditugu. Gutxi dira, badakigu. Datu bat besterik ez. Iaz, Mirandes taldea 2. B mailara jaitsi egin zen 50 puntu eskuratu eta gero. Golei dagokienez, jaso ditugunak egin ditugunak baino gehiago izan dira. 41 alde, 60 aurka. 11 partida irabazi ditugu, 12 berdindu eta 19 galdu ditugu. Ez dira emaitza onak. Badago non hobetu.

Klubak eskaintza egin dizu taldean jarraitzeko. Zuri bezala, Sisiri eta Vujadinovici ere.

Bai, ñabardura zenbait argitaratuta ez da arazorik izanen ados jartzeko.

Klubak pasa den astean jakinarazi zuenez, kontratua dutenetatik salmentan jarri ditu jokalari hauek: Riesgo, Miguel Flaño, Nekunam, Roberto Torres eta Ansarifard.

Klubak azaldu duenez oso fitxa altua dute eta Osasunak ezin dio horri aurre egin.

Kontratua dutenak eta egitasmo berriaren zutabe liratekeenak hauek dira: Javier Flaño, Nino, Mikel Merino, Santamaria, Loties, Unai Garcia eta David Garcia. 

Taldearen bizkarrezurra da. Etxekoekin oinarri sendo bat osatu behar dugu. Taxoareko harrobitik gazte berriak ere aterako dira. Osagai horiekin aski izan daitekeela iruditzen zait.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!