Nafarroako Parlamentuko presidentetza, Podemos-Ahal Dugurentzat

Euskalerria Irratia 2015ko eka. 16a, 15:07
Bihar erabakiko dute nork osatuko duen Parlamentuko Mahaia.

Itxura guztien arabera, Ainhoa Aznarez izanen da foru legebiltzarreko presidentea. Lehen presidenteordea Geroa Baikoa izanen da, eta lehen idazkaria EH Bildukoa. Hala iragarri dute hiru indarrotako eta IEko ordezkariek, gaur eguerdian bilera egin eta gero.

Gaur 11:00etan eginen dute foru Parlamentua sortzeko bilkura. Horretan legebiltzarreko presidentea eta Mahaiko beste lau kideak hautatuko dituzte. Presidentea, lehen presidenteordea eta lehen idazkaria aldaketaren indarrentzat izanen dira. Bigarren presidenteordea eta bigarren idazkaria, aldiz, UPNrentzat eta PSNrentzat utziko dituzte, Mahai "askotarikoa" nahi dutelako.

Ia bi orduz batzartuta izan dira aldaketaren aldeko indarretako ordezkariak. Geroa Baiko Uxue Barkos pozik irten da bileratik: “Ez dugu inoiz ikusi abertzaleen eta ez-abertzaleen arteko horrenbeste oreka Parlamentuko Mahaian islaturik”, adierazi du. Aniztasun horren erakusle da Barkosen ustez Parlamentuko presidentea Ahal Dugukoa izatea: “Koalizio ez-abertzale batek jende gehiago ordezkatzen ahal du”.

EH Bildu ez da guztiz asebeteta irten batzarretik. “Irizpide objektibo batzuk jarri genituen aurretik eta ez dira bete”, azaldu du Adolfo Araizek. Guztiz ados ez izanda ere, uste dute aldaketaren bidean beste pauso bat dela eta Parlamentuko Mahaia osatuko dutenek “zintzotasuna, ardura, konpromisoa eta errespetua” izanen dutela herritarren aurrean.

Ahal Duguko Laura Perez kontent azaldu da bileraren ondoren. Parlamentuko Mahaia alderdi ezberdinetako ordezkariz osatzea "aniztasunaren isla" delakoan. Itxura guztien arabera, Ainhoa Aznarez izanen da Parlamentuko presidentea, baina Perezek ez du baieztatu nahi izan: “Bihar argituko da nor izanen den Parlamentuko Mahaiko kide”.

Izquierda-Ezkerrako eledunek uste dute erabateko aniztasuna izateko UPNk eta PSNk ere parte hartu beharko luketela Mahaiaren osaketan: "Maiatzaren 24an babes handiena jaso zuten alderdiek ordezkatu beharko lukete Mahaia", nabarmendu du Jose Miguel Nuinek.

Lehentasunen dokumentua

Gaur izan duten batzarrean Parlamentuko Mahaiaren osaketaz hitz egiteaz gainera, lehentasunen dokumentua adostu dutela ere iragarri dute. Sei neurri zehatz bildu dituzte txosten horretan: elkarbizitza ahalbidetzeko neurriak hartu eta aniztasunean sortzea gizarte berri bat; eskubideak izanen dituzten lanpostu duinak sortzea; zerbitzu publikoak ziurtatzea eta gizarte-kohesioan lan egitea; kode etiko baten baitan aritzea; proiektu estrategiko zenbait berrikustea eta bakea, memoria eta giza eskubideen aldeko konpromisoa hartzea.

Batzorde sektorialak sei izanen dira

Sei arlotan hasiko dira aldaketa uztartzen. Lehen batzorde batean, zerbitzu publikoez eta herritarren erreskateaz ariko den lan taldea eratuko dute; bigarren batean, ekonomiaz ariko dira; hirugarrenean autogobernua, parte hartzea eta gardentasuna izanen dituzte ardatz; laugarrenean azpiegiturak; bosgarrenean bakea elkarbizitza eta memoria eta seigarrenean justiziaz ariko dira.

Erlazionatuak

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!