‘Corralito’ forala eraisten

Euskalerria Irratia 2015ko eka. 16a, 13:37

Erregimen erregionalista xeheki aztertu du Ivan Gimenezek El corralito foral liburu arrakastatsuan. Ezagutza sakon horretatik abiaturik, foru kortatxoa eraisteko instrukzio liburua zirriborratu digu, elkarrizketa mamitsu bezain argigarrian.

Ivan Gimenez Diario de Noticias egunkariko kazetaria da. Egun eszedentzian dago, eta ELA sindikatuan dihardu lanean, besteak beste, komunikazio alorrean. El dorralito foral liburuan, erregimen erregionalistaren sorburua, oinarriak eta funtzionamendua xeheki aztertu ditu. Hiru edizio saldu ditu jada. Laugarrena karrikaratzear du Pamiela argitaletxeak. 

Hamarkadak daramatzagu corralito forala kritikatzen eta haren aurka borrokatzen. Jakinen al dugu kortatxo hori eraisten eta alternatiba berria eraikitzen?

Aitortzen dut gobernu bat osatzea oso zaila dela, gobernatzea oso zaila dela. Baina argi eta garbi eduki behar dugu zertarako gobernatu behar dugun, eta noren mesedetan, eta noren kaltetan. Orain arte kontzeptualki oso erraza zen bakoitza bere lekuan kokatzea Barcinaren edo Sanzen aurka, Francoren aurka bezala. Kontra egiteak kontraesan gutxiago eragiten dizkizu alternatiba bat eraikitzeko lanak baino.

Esan izan duzu liburua egiteko erregimeneko pieza guztiak desmuntatu dituzula, nola funtzionatzen zuen ikusi ahal izateko. Makineria horretan, zein pisu zuten aldaketak orain eskuratu dituen piezek, Parlamentuak, Gobernuak, udalek?

Uste dugun baino garrantzi handiagoa dute. Azken urteotan, ezkerreko talde askoren artean ideia bat zabaldu da: politika gauza guztien artean beste bat besterik ez da. Horren arabera, gauza bat politika da, beste bat ekonomia, beste bat ingurumena... Baina Owen Jones kazetariak dioen bezala, politika erdian dago, eta politikak gauza guztiak alda ditzake. Besterik da hori egiteko borondatea eta indarra ba ote ditugun. Politika berriro erdian jarri behar dugu. Oraingoz Nafarroan politika erdi hori berreskuratzen ari da. Oso garrantzitsua da bakoitzak bere buruari esatea eta sinestea posible dela gauzak aldatzea. Hori da lehen pausoa.

Ingurumari horretan, zein rol jokatu behar dute gizarte zibilak, gizarte mugimenduek?

Gobernatzea oso zaila da, eta gainera gobernu berriak orain arte pairatu dugunarengandik desberdindu behar du, oso ezberdina izan behar du, politika berriak egin behar ditu. Horrek eraginen du botere faktikoek, corralito foralak, izugarrizko presioa egitea gauzak benetan alda ez daitezen. Erakundeetatik kanpo egonen dira, baina presioa eginen dute egunero 24 orduz, urtean 365 egunez. Hori argi eduki behar dugu. Lau urte barru ezin dugu erabili aitzakia moduan sekulako presioa egin digutela.

Haiek badituzte haien tresna ikaragarriak. Eta aldaketaren aldekook baditugu gureak. Eta aldaketaren aldeko tresnen artean garrantzitsuenetako bat herria da, kalea, jendea, eragile sozialak, benetako sindikatuak… Botere faktikoek eginen duten presioa alde batean egonen da, gobernua erdian, eta, konpentsatzeko, guk beste aldean egon behar dugu, benetako aldaketa bultzatzen. Horrek Nafarroara kontzeptu politiko berria ekarriko digu: leialtasun kritikoa. Gobernuak txalotzeko gauzak eginen ditu, baita kritikatzekoak ere. Baina beste aldetik haien indar guztiekin bultzatuko dute, eta hori orekatu behar da.

Eta egoera berri honetan, zein rol jokatuko dute UGTk, CCOOk eta CENek?

Haiek orain arte oso ongi bizi izan dira. Corralito foralaren barruan egotea lortu dute. Eta hor pribilegioak izan dituzte. Abuztukadan zein martxokadan, hirurok jendaurrera azaldu ziren esatera gobernu egonkor bat behar genuela. Zer esan nahi du horrek? Haiek badakitela gauzak aldatzen badira pribilegioak galduko dituztela. Haien biziraupena kolokan ikusten dute, eta horregatik izugarrizko presioak egiten ari dira orain arte izan dituzten pribilegio horiei eutsi ahal izateko. Hori azaleratu behar da, salatu behar da. [Gobernua] negoziatzen ari direnek oso argi eduki behar dute hori eraitsi behar dela, eta zerbait berria eraiki.

Liburuan, Cordovillako egunkariak corralitoan eduki duen protagonismoa aztertzen eta salatzen duzu. Aldaketa gobernura iritsi den honetan, nola dakusazu panorama mediatikoa?

Diario de Navarra-k orain arte argitaratu duena baino gehiago ez badu, lasai egon gaitezke. Norbaitek Suitzan kontu korronte bat duela ateratzen bada, akabo. Baina orain arte zerbait larriagoa atera ez badute, agian ez dute ezer gehiago. Nik pentsatu nahi dut ez dagoela beste ezer. Eta beraz, ez dugu beldurrik eduki behar.

Hori bai, Diario de Navarra tresna ikaragarria da, eta hori aldaketaren aurka erabiliko dute, indar guztiz. Horrekin bizitzen ikasi beharko dugu. Ohitu beharko dugu. Nola ekidin benetan min egin dezaketen erasoak? Bada, ene uste apalean, erabaki guztiak oinarri demokratikoen gainean hartzen badira ez dugu beldurrik izan behar.

Adibide xume bat jarriko dut: Ziraukin, Mañerun, Lezaunen, Abartzuzan, Murietan D ereduan ikasi nahi duten umeek Lizarrara joan behar dute, Gobernuak herri horietako eskolak itxi dituelako euskarazko irakaskuntza ez zuelako eskaini nahi, nahiz eta herri horietako guraso ia guztiek horixe nahi zuten. Guraso horiek ikastetxeak D ereduarekin berriz zabaltzeko eskatzen badute, eta Gobernuak hori egiten badu, zer eginen du Diario de Navarrak horren aurka? Erabaki demokratiko bat da, oinarrizkoa, ezin du ezer egin. Herri jakin batean erreferenduma egiten badute, eta ikurrina jartzea erabakitzen badute, gauza bera. Jakina, beste herri batean bandera espainiarra jartzea erabakitzen badute, ere bai. Hori Nafarroa osoan errespetatzen bada, nik uste dut aurrerapauso itzelak eginen ditugula, eta Diario de Navarrak zein Madrilgo Brunete mediatikoak ez dutela biderik izanen benetako mina egiteko.

Cordovillako egunkariak azken urteotan agenda finkatzeko gaitasuna galdu du. Baina aldaketaren aldeko komunikabideek erregimenaren aurkako salaketekin finkatu dute agenda. Zer gertatuko da orain?

Egoera berria denez, nola jokatu behar dugun ikusteko dago oraindik. Nik liburuan azken ehun urteotan gertaturikoari buruz idatzi dut. Etorkizuna zein izanen den inork ez daki. Ez naiz igarlea baizik eta kazetaria. Benetako kazetaritza, bene-benetakoa izateko, independentea izan behar du botere politikoarekiko. Hala ez bada, jendearen konfiantza galduko du. Denok dakigu komunikabidea gobernuarengandik gertu dagoen ala ez. Baina gero neurri bakoitzarekin komunikabideak irizpide propioa izan behar du: kritikoa bada kritikoa, txalotu behar badu, txalotu dezala.

Liburuan erregimeneko eliteak aztertu dituzu. Egiazko aldaketa ez da elite aldaketa. Baina karguak hartuko dituzten pertsonak behar dira. Aski koadrorik bada horretarako?

Gobernu berria hartu behar duten indar guztiek esan dute funtzionarioek hartu behar dituztela goi kargu horiek. Administrazioan badira kargu horiek betetzeko aski funtzionario. Kontseilariak politikariak izan behar dira, baina hortik behera funtzionarioekin egin daiteke lan, merituaren eta gaitasunen arabera. Ez dut uste hor arazorik izanen denik.

Bestalde, aurrekoan CUPeko David Fernandez etorri zen hitzaldi bat ematera. Eta kontatu zigun Ada Colauk Bartzelonan 400 koi kargu behar dituela. Eta horiek gizarte mugimenduetatik hartuko ditu. David Fernandezek galdetzen zuen? Nondik hartuko dituzte 400 pertsona horiek? Gizarte mugimenduetatik, eta gizarte mugimenduak jenderik gabe geratuko dira. Hori ezin da gertatu ez Bartzelonan ez hemen.

Zer gertatuko da elite zaharrekin, oligarkiarekin?

Dauden lekuan segituko dute. Eta hamar urte barru, hogei urte barru ere han izanen dira. Sarrionandiak dio gauzak ezin direla egun batetik bestera aldatu, baina bidea hasi behar da, eta benetako politika egin behar da. Bada kontzeptu bat oso garrantzitsua. Gobernu berri honek erabakiak hartuko ditu. Eta erabaki bat hartzen duenean, onuradunak izanen dira, baina baita kaltetuak ere. Eta horrek arerioak sortuko ditu. Eta hori hasieratik argi eduki behar da.

Azken finean gobernatzea hori da. Lehentasunak zeintzuk diren argi eduki behar da. Eta lehentasunak argi badaude, ezin da izan nafar guztion gobernua. Amankomuna defenditu behar duzu. Baina horretarako, adibidez, ezinen da deribaziorik egin Opus Deiren klinikara, edo fiskalitatean zorrotz jokatu beharko da Osasunarekin eta Opus Deirekin. Horreki, jakina, arerioak sortuko ditu. Ezin duzu norbaiten aurkako gobernua egin, baina nafar guztien gobernua egitea ezinezkoa da.

Alor sinbolikoaren garrantzia azpimarratu duzu liburuan, Nafarroa kohesionatzeko Osasuna edo sanferminak erabili dituztela, errealitatea ezkutatuz. Zer da zu zeu bultzatzen ari zaren Txupin Etxepare ekimena.

Joseba Asiron alkatearen lehen sanferminak mundu osoak ikusiko duen erakusleihoa izanen dira. Gauza asko egiteko aprobetxa dezake bere gobernuak, benetako aldaketa mamitzen ari dela munduaren aurrean demostratzeko. Oso aukera polita da horretarako.

Txupin Etxepare ekimen horretan Iruñeko Peñen federazioa eta Autobusaren Memoria daude. Juan Etxeparek Txupinazoa botatzeko ohitura asmatu zuen eta errepublikazalea izateagatik fusilatu zuten. La Veleta peñakoek asmatu zuten zuriz janzteko ohitura, eta haietako asko fusilatu zituzten. Txupinazoa eta jantzi zuriak ikurrak dira. Baina haiek pairatu zuten jazarpen politikoa oso erreala izan zen. Bada garaia Txupinazoan hori aitortzeko.

Zuk zeuk diozu sanferminak Nafarroa kohesionatzeko erabili dituztela. Halako neurriekin, ez al dago arriskurik kohesio hori apurtzeko?

Arazoa da kohesio hori nagusiki artifiziala izan dela. Adibide erraz bat jarriko dut: inork ez daki zer diren foruak, baina Salouko jatetxe batean bazaude eta alboko mahaikoak foruen aurka gaizkiesaka hasten badira, erantzuten diezu, eta foruak defenditzen dituzu. Hori barruko sentimendu bat da, baina sentimenduak arrazoitu behar dira, eta ikusi behar da foruak zer diren eta zertarako balio duten. Kohesioa egiazkoa izan dadin lehendabizi kohesio artifiziala salatu behar da.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!